Nafarroako Gobernuak energia aurrezteko egindako dirulaguntza deialditik 10.000 euro hartu ditu Udalak, eta horrekin kontsumo ttikiko bonbillak paratzeari ekin dio. Hala, «bonbilla hauek potentzia erdiarekin gaur egungoen argitasun bera emanen lukete, denbora luzeagoan eta mantenimendu ttikiagoarekin», azaldu digu Josu Iratzoki alkateak.
Dirulaguntzarekin Legia eta Eztegara karriketako bonbilla guztiak aldatzekoak dira. Legian, 70 Wko bonbillen ordez, 40koak paratuko dira eta horrela, alkateak erran digunez, «argitasun maila mantenduz kontsumoa ia-ia erdira jautsiko da».
Eztegarako sistema, berriz, Iratzokiren hitzetan, «ez da batere egokia, farola bat piztua eta bertzea itzalia egoten delako». Gaur egun 150 Wko bonbillak daude eta hemendik aitzinera, 40koak paratuta farola guztiak piztuko dira: «modu honetan, argi maila mantenduko da eta hau askoz ere uniformeagoa izanen da, puntu beltzak kenduz». Toki zabaletan eta bidegurutzeetan, aldiz, 50 edo 80koak paratzekoak dira.
Neurri honekin kontsumoa jautsiko denez, Udalaren nahia, Ikastola eta igerilekuen aldera doan argiteria ere martxan paratzea da. «Gaur egun, Eztegarako zirkuituko hari elektrikoak doi-doi ematen du duen kontsumorako eta ezin da luzatu. Orain kontsumoa erdira jaustea aurreikusi dugunez, zirkuitua luza dezakegu argi puntu gehiago sartuz», azaldu digu alkateak.
Argiteria berritzeko lanak abendu erdialderako bukatzekoak ziren.