Pepito Yanci Lesakako akordeoilari handiaren heriotzaren 25. urtemuga beteko da abenduaren 26an. Sorterrian ez da aparteko ospakizunik prestatu urteurrena gogoratzeko. Irunen, aldiz, abuztuaren 7an ospatu zen Euskal Jirako karroza eskaini zion Ramuntxo Trinketeak. Akordeoilari, 500 kanturen egile, Los Xey taldeko partaide, musika irakasle, bertso idatzien egile… Hainbat arlo landu zituen Yancik.
Paulo Yanci bere aitak pianoa nahiago bazuen ere, gazte-gaztetatik akordeoirako afizioa erakutsi zuen Pepito Yancik. Honela, lehen irakaslea Modesto Irisarri etxalartarra izan zuen eta honek musikari handia izateko bidea ikusten zion eta kontzertu handiak emateko prestatu nahi izan zuen. Baina hau ez zen Pepitoren ametsa. «Hark nahiago zuen besta, ezkontza eta despedidetan jo» gogoan du lagunmin izan zuen Josetxo Iraundegi irundarrak.
Pepitoren zaletasunari amore emanez, 1930. hamarkadan Larrinaga-Guerini markako akordeoi bikaina erosi zion aitak, garaiko 1.300 pezeta balio zituena. Konparazio batera, garai beretsuan etxe ttiki bat bere baratzearekin 600 pezetetan erosi zuen Paulo Yancik.
Ordutik aitzinera, Pepito Yanci harat-honat ibili zen akordeoiarekin. 14-15 urte zituela Irungo Kasinoan, baita Donostiako Bellas Artes eta Principal antzokietan ere jo zuen. 15 urterekin, Radio San Sebastian Irratian jo zuen eta arrakasta handia izan zuen.
Los Xey Taldea
Urte batzuk beranduago, Easo Abesbatzako zuzendariaren ezkontz-despedidan jotzen ari zela, gero Xey taldea osatuko zuten kideak ezagutu zituen. Talde honekin Euskal Herri osoan jo zuen, baita Madril, Bartzelona eta Espainiako hiriburu nagusietan ere. 1947an, itsasoz bertzaldera salto egin zuten hiru hilabeterako kontratu batekin, baina hamar urtez luzatu zen talde honen Ameriketako egonaldia. Gehien bat Mexikon jo zuten, baina Kuba, Uruguai, Txile, Peru, Brasil, Venezuela, New York… harat-honat ibili zen Los Xey taldea eta aski famatuak egin ziren Ameriketan. Buenos Airesen egindako nazioarteko akordeoi lehiaketa batean parte hartu zuen eta irabazi. Orduan, Munduko akordeoilari onenaren “titulua” eman omen zioten.
Ameriketatik etxera bueltan akordeoi irakasle izan zen Donostian, Lesakan, Beran… Akordeoi eta trikitixarako 500 kantu osatu omen zituen, baita bertsoak ere eta, errate baterako, euskarazko letra jarri zion, “O Sole Mio” kantu napolitar ezagunari. Victor Manuel kantari asturiar famatuak, Ana Belenen senarrak, ere euskaraz kantatu omen du Pepito Yanciren kanturen bat.
Bere lana eskertuz, hainbat omenaldi jaso zituen: Lesakan 1971ko maiatzaren 16an, Irunen 1975eko martxoaren 23an, 1978an Angulako Kofrade egin zuten Hendaian… Bidasoako Izokinaren Kofradiako sortzaileetako bat izan zen, baita Irungo Kurpil Kirolak elkarteko bazkide ere.
1985eko Eguberrietan hil ondotik ere, Joaquin eta Josetxo Silguero anaiek “Añoranza” Zortzikoa eskaini zioten eta 1986ko uztailean oroigarria ezarri zuten Lesakako bere sortetxean.
SOSLAIA: Nor izan zen Pepito Yanci?
Pepito Yanci «Aizali» 1917ko urtarrilaren 1ean jaio zen Lesakan eta 1985eko abenduaren 26an hil zen, baina akordeoilari eta musika konpositore edo bertsogile bezala aski ezaguna egin zen. Akordeoilari bezala, bakarka Bidasoaldean famatu ondotik, Los Xey taldearekin batera jo zuen Euskal Herrian, Espainian eta Ameriketan hamar urtez, Mexikon batez ere, baina baita Kuban, Argentinan, Perun, New Yorken, Txilen, Brasilen, Venezuelan ere… Buenos Airesen egindako akordeoi txapelketa bat irabazi ondotik, Munduko akordeoijole onenatzat jo zuten. Los Xey taldeak zeukan famaren erakusgarri, Mexikon zortzi filmetan eta Espainian bertze bortzetan parte hartu zutela.
Etxera bueltan, akordeoi irakasle izan zen Donostian, Beran eta Lesakan eta akordeoi eta trikitixarentzako 500 bat kantu egin zituen, tartean Lesakako bestetan jotzen den “Mozkorrenborda”. Hainbat omenaldi ere egin zizkioten Lesakan, Irunen… Izan ere, Irunen estimazio handitan zeukaten lesakarra eta horren erakusgarri izan da aurtengo Euskal Jiran eskaini dioten orga.
XALBADOR MADARIAGA AKORDEOLARIA
«Akademizismotik kanpo, folklore arloan lan handia egin zuen eta akordeoilari bikaina izan zen»
Xalbador Madariaga akordeoilariak ongi ezagutu zuen Pepito Yanci, bere lehen irakaslea izan baitzen, 12 urte zituenetik 17 urteak egin arte. «Hasieran 12 bat lezio numeratuak eman zizkidan eta handik aitzinera piezekin hasi nintzen, eta abudo kanpoan jotzen ere hasi nintzen. Berekin pieza batzuk ikasi eta Sunbillan Urtezahar gau batean jo nuen lehen aldiz bakarrik«, gogoratzen du Madariagak.
Kontserbatorio eta akademiziskoak ez zituen maite, baina Kalejira, Fandango, Arin-Arina, Vals, Tiko-Tiko… Hainbat pieza jo eta idatzi zituen eta folklore arlo horretan eta librean, Pepito Yanci hagitz ona zela gogoan du Madariagak eta bere piezak ez ezik bertzeenak ere ederki jotzen zituen. «Akordeonista ona zen, abilidade handikoa baino gehiago akonpañamientoak egiten zen hagitz-hagitz ona, ongi moldatzen zen, gusto handiarekin laguntzen zuen. Hemen kantatzen hagitz onak ziren Jose Mari Altzugarai “Larrane” eta Guillermo Agara, eta haiei laguntzen ibiltzen zen. Berriki hil den Marcelino Bergara pilotari etxalartarraren omenez sortutako Bergara Peñarekin jotzen zuten. Urtero egun berezi bat izaten zuten, pilota partidarekin, bazkariarekin… eta Himno bat eta kalejira bat ere eginak zizkion Bergarari. Biek elkarrekin jotzen genuen bazkalondoan», dio Lesakako akordeoilariak.
Los Xey taldeaz ez du aparteko oroitzapenik Madariagak. «Diskoren bat aditua dut, baina zuzenean ez nituen behin ere ezagutu. Badakit fama eta arrakasta handia izan zutela, Ameriketan batez ere… Pepitorekin batera talde horretan aritu zen kide bat ezagutu genuen ekaineko Euskal Jiran. Bada errana, hagitz onak zirela, baina kobratu ere arabera egiten zutela».
«Sortzaile handia»
Folklore arloan egindako konposizioak ugariak eta maila handikoak zirela aipatu digu Madariagak. «Gure errepertorioan bere pieza batzuk baditugu oraindik orain… Ez dakit, erraten duten bezala, 500 pieza idatzi zituen, guk guttiago ditugu, baina egia da piezak sortzeko abilidade handia zuela. Klasea ematen zigun bitartean, gu jotzen eta bera igual partitura bat idazten ari zen».
Mozkorrenborda edo Lesakari izan daitezke bere sorterrian piezarik ezagunak, baina Madariagak aipatu digunez, 1960-70. hamarkadan Lesakako peñei ere himnoak idatzi zizkien, Kalaxkari, Irrintziri, Basurderi, Egurrari… bakoitzak badu bere himnoa.
Lesakan aurtengo Santa Zezilia eguna iragartzeko kartelean bere irudia agertu bada ere, «Yanciri ez zaiola merezi zuen hainbertzeko garrantzia eman» uste du Madariagak. «Pieza aunitz egin zituen, ez bakarrik akordeoiarentzat, baita trikitixarentzat ere… Letrak ere berak paratzen zizkion gehienari, horretarako ere abilidadea zuen. Bere sentimentuak adierazten zituen».