Erreka elkartean jokatzen duen Mikel Maia Madariaga pilotari lesakarrak irabazi du Nafarroako jubenil mailako lau terdiko txapelketa, Guillermo Mazo Memoriala. Abenduaren 3an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zen final gogoangarrian, 18 eta 17 irabazi zion Lizarrako San Miguel elkarteko Unanuari. Partida aski berdindua joan zen eta jokaldi bikainak ikusi ziren, tartean Maiak bortzgarren koadrotik botatako dejada dotoreak. Urduritasunak ere lotu zituen zenbaitetan bi pilotariak. Hainbat berdinketen ondotik, Unanua 14 eta 17 irabazten jarri zen eta bazirudien txapela Lizarra aldera joanen zela, baina orduantxe atera zuen Maiak bere onena eta azken lau tantuak segidan lortu zituen, orain arte lortu duen txapelik handiena janzteko.
Kontuan hartu behar da Mikel Maia koadroaren azpi-azpitik hasi zela eta serie-buruen kontra jokatu behar izan duela aldiro. Bortz partida jokatu behar izan ditu, bortzetan arerioa zen faborito, baina bortzak berak irabazi ditu. “Hagitz kontent nago –adierazi digu Maiak– ezusteko handia izan zen finalea ailegatzea eta zer erranik ez, modu horretan txapela irabaztea”.