Bortzirietako taldekako hamabigarren bertsolari txapelketa abenduaren 10 eta 11n jokatuko da

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 10a

Joan den urteko partehartzaileak eta laguntzaileak, finala jokatu ondotik. Utzitako argazkia

Ortziral arratsean Berako Espidobaitan eta larunbatean Lesakako hainbat ostatutan eginen dira saioak

Bortzirietako taldekako hamabigarren bertso txapelketa jokatuko da abenduaren 10 eta 11n, ortziral eta larunbatean. Denera, maila ezberdineko 24 bertsolari lehiatuko dira, hirukotetan banatuak. Bortzirietatik sei taldek parte hartuko dute abenduaren 10 eta 11ko saioetan. Beratarrak taldean Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru ariko dira; Txope Taberna taldean Kristiñe eta Maddi Ane Txoperena eta Garaxi Taberna; Klasikoak taldean Juan Mari Lopez, Manolo Arozena eta Joxe Juan Zubieta Etxabe; Zapelpunk-en Xabier eta Jon Silveira eta Ioar Tainta; Estrata­Estrit-en Egoitz Telletxea, Xabier Terreros eta Iñigo Olaetxea eta Ortzilko Santuk taldean Josu Sanjurjo, Iban Garro eta Aitor Arotzena. Hauekin batera, Malerrekan abenduaren 3an jokatutako txapelketan txapeldun suertatu ziren Egoitz eta Iker Gorosterrazu eta Alazne Untxalo eta ortziralean bertan Erratzun jokatuko den Baztango txapelketako txapeldunak arituko dira.

Abenduaren 10ean, ortziral arratsean, bi saio jokatuko dira Berako Espidobaitan: batetik, Beratarrak Malerrekako txapeldunen aurka ariko dira; bigarrenean Ortzilko Santuk eta Estrata Estrit. Larunbatean, Lesakako Arranon eginen den bazkalondoan, Klasikoak eta Zapelpunk lehiatuko dira eta gero, Zialdo ostatuan Baztango txapeldunak eta Txope Taberna lehiatuko dira.

Finalerdiak larunbat arratsaldean jokatuko dira Lesakako Haizegoan eta Atxaspin. Hasteko, Espidobaitako lehen kanporaketako garailea eta Arranoko irabazlea lehiatuko dira; eta Atxaspin, Espidobaitako bigarren saioko garailea eta Zialdoko irabazlea. Arratsean, Lesakako Linddurrenbordan eginen den afariaren ondotik, jokatuko da final handia.

 

Baztango txapelketa ortziralean

Aipatu bezala, Baztanen lau hirukote ariko dira abenduaren 10ean Erratzuko elkartean. Lehenbiziko taldean Maialen Gamio eta Bittor eta Amaia Elizagoien ariko dira; bigarrenean Jon Barberena, Xabier Maia eta Gorka Urtasun; hirugarrenean Jon Elizetxe, Oier Amiano eta Maialen Iantzi; eta laugarrenean Iñaki Aleman, Iban Dufurrena eta Kotte Plaza. Irabazleak Zialdo ostatuko kanporaketan ariko dira Bortzirietako txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun