Igandearekin hasi eta asteazkena bitarte, gaztetxo nahiz helduek gozatzeko moduko ekitaldiak prestatu ditu Igantziko Euskara Batzordeak. Kultur Egunetako egitarau zabala abenduaren 8ko “Igantzi besta giroan” erakusketarekin borobilduko da. Bizkotxo lehiaketa eta dastaketa ere izanen dira egun horretan.
Abenduaren 5etik 8ra izanen dira Kultur Egunak. Egunez egun, hau izanen da egitaraua:
IGANDEA, ABENDUAK 5
16:00etan haurrentzako zinea eta krispetak Ziberrean. 17:45ean haurrentzako zinea eta krispetak Ziberrean. 19:00etan helduentzako antzerki emanaldia Baratzondon: Ainhoa Alberdi & Iraia Elias taldeak “Eta Karmele?” ikuskizuna eskainiko du. Bi emakumeren arteko elkarrizketa umoretsua, eroa eta gazi-gozoa, pentsamendu zentzudunetik egoerarik absurduenera pausu ttiki bat bertzerik ez dagoela erakusten diguna. Guztiaren erdigune Karmele da.
ASTELEHENA, ABENDUAK 6
18:00etan opil ikastaroa Biltokin. Nahi duen guztia joaten ahal da. Anuntxi eta Mª Luisa ariko dira irakasten. Ondotik dastaketa izanen da.
ASTEARTEA, ABENDUAK 7
16:00etan haurrentzako ipuin ilustratuen tailerra eskolan, Iraia Okinarekin. Iraia Okinak “Zirkua amets” ipuineko ilustrazioak egin zituen, eta haurrekin eginen duen tailer honetan horren inguruan ariko da. 17:30ean “Zirkua Amets” erakusketa eskolan. Haur Hezkuntzako ikasleek ipuin horren inguruan egin dituzten lanak erakutsiko dituzte. 19:00etan Oskar Txoperenak hitzaldia eskainiko du Ziberrean “Parrokiko Artxiboa, Igantziko iraganaren lekuko aberatsa” izenburupean. Oskar Txoperena hainbat urtetan aritu da parrokiko artxiboa begiratzen, eta hortik gure herriaren historiari buruz hainbertze informazio atera du. Hitzaldia horren inguruan izanen da.
ASTEAZKENA, ABENDUAK 8
11:30etik 18:00etara “Igantzi besta giroan” erakusketa irekiko da Baratzondon. Urtero Biltokik antolatzen duen erakusketak aurten herriko hainbat jairen ingurukoa izanen da. Kabalgata, ortzegun gizen, inauteriak, sanjoanak, sanmigelak, omenaldiak... eta herrian izaten diren bertzelako jai eta ospakizunekin zerikusia izaten ahal duen edozein material (oroigarriak, blusak, argazkiak, programak...) bildu eta erakusketan paratuko dituzte. Bide batez, herritarrei etxean izaten ahal dituzten puskak erakusketarako uzteko dei egin du Biltoki elkarteak. 12:00etan bizkotxo lehiaketa eginen da Biltokin. Ordubete lehenago Biltokin aurkeztu behar dira. 19:00etan bizkotxo dastaketa eginen da Biltokin.
XXV. Mus eta partxis txapelketak
Bertze aldetik, aurten XXV. aldiz eginen diren mus eta partxis txapelketetan parte hartzeko abenduaren 8a baino lehen eman behar da izena Biltokin, bikoteko 25 euro ordainduta. Mus txapelketa abenduaren 18an eta partxisekoa 19an hasiko dira.