Mikel Maia pilotari lesakarrak Guillermo Mazo Memorialaren finala jokatuko du abenduaren 3an

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 1a

Mikel Maiak jubenil mailako Nafarroako lau terdiko txapelketaren finala jokatuko du ortziralean. Diario de Navarra

Errekakoak, Lizarrako San Miguel elkarteko Unanua izanen du arerio Labriten

Errekako Mikel Maia lesakarra eta Lizarrako San Miguel elkarteko Unanua aurrez aurre izanen dira abenduaren 3an Iruñeko Labriten, Guillermo Mazo Memorialaren finalean. Hain zuzen, jubenil mailako Nafarroako lau terdiko txapelketa ez ofizialtzat hartzen da txapelketa hau.

Errekako Mikel Maia lesakarra eta Lizarrako San Miguel elkarteko Unanua aurrez aurre izanen dira abenduaren 3an Iruñeko Labriten, Guillermo Mazo Memorialaren finalean. Hain zuzen, jubenil mailako Nafarroako lau terdiko txapelketa ez ofizialtzat hartzen da txapelketa hau. Mikel Maiak 18 eta 15 irabazi zion azaroaren 25ean Lekunberrin jokatutako finalerdian Huarteko Minari, 1-6 galtzen hasi ondotik. Hortik aitzinera partida berdindua joan zen (5-5, 6-6, 8-8, 10-10, 11-11, 12-12, 14-14 eta 15-15) baina azken hiru tantuak lesakarrarentzat izan ziren. 219 pilotakada eman behar izan zituzten bi pilotariek eta 37 minutuz aritu ziren jokoan. Bertze finalerdian, Unanuak errazago irabazi zion Zugarraldeko Iribarreni, 18 eta 11.

Beraz, ortziral goizean Labriten goizeko 11:00etan hasiko den jaialdian, lehen partidan hirugarren postuaren bila lehiatuko dira Mina eta Iribarren eta gero, final handia jokatuko da, Mikel Maia eta Unanuaren artean.

 

Aritz Juanenea txapeldun Egian

Bertze aldetik, Errekako Aritz Juaneneak eta Bergarako Rezustak irabazi dute promesas mailako Juanito Alvarez txapelketa Egian. Finalean, 22 eta 14 irabazi zieten Aurrera Saiaz taldeko Urbietari eta Hernaniko Aizpitarteri. Juaneneak erakustaldia eskaini zuen, denetik egin baitzuen eta dena ongi. Rezustak ongi lagundu zion gibeleko koadroetan eta ez zieten aukerarik eman Urbieta borondatetsu bati eta Aizpitarte bezalako bizi-aseguru bati.

 

Nafarroako Kirol Jolasetako finalerdiak

Errekako lau bikotek, Nafarroako Kirol Jolasetako finalerdiak jokatu zituzten joan den larunbatean Donezteben eta lauek garaipena lortu zuten.

Hirugarren mailako benjaminetan, Errekako Julen Santesteban eta Aimar Sarrateak 18 eta 8 irabazi zieten Mendillorriko Arai Murillo eta Iker Sainz-i, eta Gaizka Agirre eta Unai San Migelek 18 eta 5 irabazi zieten Atarrabiako Jon Lasarte eta Mikel Diaz de Ceriori.

Hirugarren mailako kadetetan, lehia estuan, Errekako Iban Juanena eta Jabier Saldiasek 22 eta 21 irabazi zieten Mendillorriko Aitor Saragueta eta Julen Fernandez-i, eta lehen mailako alebinetan, Errekako Iraitz Zubizarreta eta Iker Salaberriak 18 eta 5 irabazi zieten Oberenako Olaz eta Espinal-i.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun