Kasik astebete joan de Lesakan feria eguna ospatu zutenetik, baina egun hartako zenbait berri aipatzekoak ditugu. Erraterako, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak mila euroko erosketa balea zozketatu zuen bere bezeroen artean eta Arantxa San Sebastian lesakarrari egokitu zitzaion. Txinelka zapatadendan ateratako argazkian ageri denez, azaroaren 27an, larunbat goizean egin behar izan zituen erosketak bortz denda ezberdinetan.
Tantirumairu ikastolako elkartasun denda
Feria egunean, azken urteetan bezela , aurten ere Tantirudenda antolatu dute, ikastolako 5. eta 6.mailako ikasleek. Gauza aunitz saldu dituzte: Jostailuak, liburuak, bideoak, bitxiak eta etxean egindako postreak. Arrakastatsuena izan dena etxetik ekarritako postreak izan dira. Lortutako dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde batera bidaliko dute. Guztira 343,40 euro lortu dute. Ikasleek aipatu digutenez hagitz ongi pasa zuten gauzak saltzen.
Hiru egun lehenago hasi ziren denda antolatzen. Txandak zozketaren bidez antolatu zituzten eta ekarritako gauzei ikastolan prezioak jarri zizkieten.
Elkartasun zerria Txarolttikira
Bertze aldetik, presoekin elkartasunez zozketatu zen zerria Txarrolttikikoei suertatu zitzaien.