25. urteurrena ospatu du Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak

Aitor Arotzena 2010eko abenduaren 9a

Pilota eskolako ikasleak eta omendutakoak, sariak jaso ondotik. Aitor Arotzena

Abenduaren 5eko ospakizunean, pilota partidak, omenaldi hunkigarriak eta herri bazkaria izan ziren

Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak bere 25. urteurrena ospatu zuen abenduaren 5ean, udal pilotalekuan egin zen pilota jaialdi bereziarekin, omenaldi hunkigarriekin eta Koxkonta jatetxean egindako bazkari batekin. Pilotan, eskuz nahiz paleta gomaz aritu ziren eta omenaldien txandan, lehenbiziko batzordekiko kideak eta 25 urteotan pilota irakasle izan direnak gogoratu zituzten.

Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak bere 25. urteurrena ospatu zuen abenduaren 5ean, udal pilotalekuan egin zen pilota jaialdi bereziarekin, omenaldi hunkigarriekin eta Koxkonta jatetxean egindako bazkari batekin.

Abenduaren 5eko egitaraua pilotari gaztetxoen eskuz binakako pilota partida batekin hasi zen eta Jonan Arbelaitz eta Jonan Fagoagak 16 eta 12 irabazi zieten Aimar Otxoteko eta Jon Leizari.

Lehenbiziko partida honen ondotik, omenaldia eskaini zitzaien Arkupe elkartearen lehenbiziko zuzendaritza batzordea osatu zutenei, baita mende laurden honetan pilota irakasle izan direnei eta bertze zenbaiteri. Denak, Arkupe pilota eskolako ikasleek egindako pasalekutik igaro ziren lehenbizi eta gero, aurreskua dantzatu zien Iker Tainta pilotariak. Segidan pilota partida jokatu behar zuenez, tako eta guzi dantzatu zuen Tainta gazteak. Izan ere, bere aitatxi Benito izan zen elkarteko lehen presidentea eta berari eta bertze omenduei dantzatu zien.

Gero, omenduek oroigarriak jaso zituzten gaur egun elkarteko lehendakari den Kotte Iantzi eta bertze batzordekideen eskutik.

Hain zuzen, Benito Tainta izan zen lehenbiziko presidentea, Juan Telletxea presidente ordea (Nati Mayo alargunak hartu zuen oroigarria bere ordez), Modesto Maia idazkaria, Justo Agirretxe diruzaina, Juan Tomas Maia, Xalbador Etxepare, Luis Aranguren eta Martin Sarasola bokalak eta Juan Mari Etxeberria eta Kotte Etxepare bodegazainak. 25 urte hauetan pilota irakasle izandakoak, berriz, Xalbador Etxepare, Justo Agirretxe, Jesus Mari Sanjurjo, Iñaki Arretxea eta Tomas Otxoteko izan dira. Munduko pilota txapelketan urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu berri dituzten Mololo Irigoien eta Xabi Zozaia pilotariek ere bere oroigarria jaso zuten, baita Begoña Taberna frontoiko arduradunak eta Juan Fermin Mitxelena alkateak, Herriko Etxeko ordezkari gisara. Gainera, oroigarri berezia jaso zuten Ramon Etxenikek, urte hauetan elkartearen alde egindako lanarengatik eta Jose Luis Sunsundegik eta Joaquin Bengoetxeak 25. urteurreneko ospakizunak prestatzen egindako lanarengatik.

Ondotik, esku pilotari helduxeagoen txanda ailegatu zen. Aipatu bezala, berriki Munduko txapeldun suertatu den Mololo Irigoien eta Joxe Jabier Taberna profesional ohia, Iker Tainta eta Jexux Mari Almadoz profesionalen kontra aritu ziren. Irigoien eta Taberna 22 eta 17 gailendu ziren. Pilota kontuekin bukatzeko, paleta gomako partidan, 52 urte dituen Jesus Mari Sanjurjo profesional ohiak eta berriki Munduko azpitxapeldun izan den Xabi Zozaiak 30 eta 21 irabazi zieten Aitor Oiartzabal eta Justo Agirretxeri.

Gero, Koxkontan bazkaltzera joanen dira denak.

 

130 bazkide

Gaur egun 130 bat bazkide ditu Arkupe pilotazale elkarteak eta 45 mutiko aritzen dira pilota eskolan trebatzen. Hainbat txapelketetan parte hartzen dute pilotari hauek eta horretaz gain, Sanferminetako pilota jaialdia eta emakumezkoen paleta goma txapelketa ere antolatzen du Arkupek. Kotte Iantzi da elkarteko presidentea gaur egun, Maite Etxegia presidente ordea, Joaquin Bengoetxea idazkaria, Jose Luis Sunsundegi idazkaria, Koikili Fagoaga eta Jose Antonio Vargas bokalak eta Julian Landa eta Jose Ramon Telletxea bodegazainak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun