Bortzirietan 0 eta 3 urte bitarteko arreta goiztiarraren barrenean fisioterapia zerbitzua eskaintzea eskatuz idatzia sinatu dute zerbitzu horren beharra duten hamabortz gurasok, baita Oinarrizko Jendarte Zerbitzuetako ordezkari politikoek eta teknikariak eta Osasun Zentruko pediatrak eta erizainak. Eskutitza Nafarroako Arartekoari, Osasunbideari eta Gizarte Ongizate Departamentuari helaraziko zaio eta arazoari lehenbailehen irteera ematea eskatuko zaie.
Gaur egun, atentzio goiztiarraren baitan, logopedia eta estimulazio zerbitzuak eskaintzen dira Bortzirietan ANFAS erakundearen bidez, baina fisioterapia nahi duenak Iruñera joan beharra du. Ondorioz, errepideko arriskuaz gain, joan-etorrietarako zailtasunak daude eta horrek, fisioterapia-saioak gutxitzea ekartzen du. Gainera, joan-etorriak ordaintzeko dirulaguntzak kendu egin dira.
Bortzirietako Mankomunitateak, pediatrak eta gurasoek diotenez, legeak berak eskatzen du guttieneko zerbitzu hauek Nafarroa osoan norbere etxebizitzaren inguru hurbilean eskaintzea, atentzio pertsonalizatu eta integralaren bidez.
Bortzirietako bizilagunak gainerako nafarrekin konparatuta desberdintasun egoeran daudela salatu dute, izan ere fisioterapia zerbitzua ez da bakarrik Iruñean zentralizatua ematen, Lizarra eta Tuteraldekoek ere beraien herrietan hartzen baitute.
Horregatik, arazoa ezagutzera eman eta fisioterapia zerbitzua Bortzirietan ezartzea eskatzeaz gain, zenbait irtenbide ere proposatu dituzte, hori errazteko soluziobideak emanez. Errate baterako, dagoeneko logopedia eta estimulazio zerbitzuak Bortzirietan eskaintzen dituen ANFASi fisioterapeuta bat kontratatzeko baimena izanen litzateke aterabideetako bat, edo zerbitzua Lesakako Osasun Zentroan ematea baloratzea, edo dagoeneko haur fisioterapeuta batekin lan egiten duen Aspacerekin zerbitzua konzertatzea, edo, azkenik, fisioterapeuta Iruñetik Bortzirietara hurbiltzea.
Belen Compayns pediatrak aipatu zuenez, estimulazio zerbitzua 2004 urte inguruan jarri zen eta logopeda zerbitzua duela 3-4 urte, horiek ere protestatu ondotik. Bortziriak izan zen Iruñetik kanpo arreta goiztiarreko zerbitzu horiek lortu zituen lehen eskualdea eta gero denetara hedatu zen. Fisioterapeutarekin ere bide bera segitu dute eta helburua lortzeko itxaropena dute, “beharra badelakoz”.