Abenduaren 1ean, Berako Beralandetan, gurasoentzako bi hitzaldi aski interesgarri antolatu ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Erakunde horrek familietan euskararen erabilera sustatzeko egitasmo zabala du, eta hitzaldi hauen bitartez orain arte familiei banatu dien materiala eta antolatu dituen ikastaro eta saioak osatu nahi ditu.
Bi hitzaldi
Bi hitzaldi izanagatik, gai beraren inguruan arituko dira. Izan ere, gai orokorra familian euskararen erabilera indartzea da, eta bi hitzaldietan horretarako baliabideak, gomendioak eta tresnak eskainiko dira.
Lehenbiziko hitzaldia asteazken arratsaldeko 17:00etan izanen da. Guraso euskaldunei zuzendua da, eta euskaraz eginen da. "Nola eragin seme-alaben hizkuntza-ohituretan?" du izenburu. Hitzaldi horretan guraso euskaldunek hizkuntzen erabileraren inguruan izaten dituzten kezkei erantzuna emanen zaie. Adibidez, zer egiten ahal duten gurasoek ikusten dutenean seme-alabek euskara erabiltzeari uzten diotela; nola laguntzen ahal dieten seme-alabei euskaraz bizi daitezen eta euskara erabil dezaten; euskara ongi ikasiko ote duten; gaztelania ongi ikasiko ote duten; eta gisa horretako zalantzak argituko dira. Bigarren hitzaldia arratsaldeko 18:30ean izanen da. Euskaraz ez dakiten gurasoei zuzendua izanen da, eta gaztelaniaz emanen da. "No sabemos euskera... ¿Cómo podemos ayudar a nuestras hijas e hijos?" izenburupean, hizlariak guraso erdaldunek izaten dituzten ohiko kezkei erantzunen die: euskaraz ikasten ari diren seme-alabei nola laguntzen ahal dieten eskolako lanetan; euskaraz gutxi dakiten gurasoek noiz eta nola erabiltzen ahal duten hizkuntza hori seme-alabekin; seme-alabek euskara erabiltzearen garrantzia; seme-alabek euskara eta gaztelania nahasten dituztenean nola jokatu...
Hizlaria
Bi hitzaldietan hizlaria Iñaki Eizmendi izanen da. Formakuntzaz gizarte hezitzailea bada ere, Iñakik esperientzia handia du elebitasunaren inguruan eta euskara sustatzeko egitasmoetan lanean. Euskal Herrian zehar hainbat saio eman izan dizkie gurasoei, baita irakasleei ere.