Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatzen duen Lana, Familia eta Bizitza Pertsonala Uztartzeko bigarren itun mankomunatua ezagutzera emanen dute datozen asteetan bortz herrietako komertzioetan. Halaxe eman zuten ezagutzera azaroaren 26an Etxalarren emandako prentsaurrean Jokin Apezetxea Mankomunitateko teknikariak, Patxiku Irisarri presidenteak eta Bixente Taberna (Berako Larun Haizpe elkartea) eta Mertxe Antzizar, Olga Alzate eta Eider Rodriguez (Lesakako Zerbitzuen Elkartea) merkatariek. Elkarterik ez badute ere, Arantza, Etxalar eta Igantziko zenbait dendek ere “Ardurak banatu, elkar maitatu” kanpaina honekin bat egin dutela aipatu zuen Apezetxeak.
Mankomunitateko teknikariak aipatu zuenez, Kontziliazio Itunetik, berdintasuna eta erantzukidetasuna bultzatu nahi dute. Izan ere, “emakumea lan mundura barneratu da, baina gizona ez da etxeko aferetan murgildu. Inkestek diotenez, etxeko lanetara bideratzen diren 5 ordutatik, emakumeak4 egiten ditu”. Kanpaina honetan, sentsibilizazio aldetik, merkatarien bitartez ituna ezagutzera eman nahi dute. Herritarrengana hurbildu nahi dute kontziliazioas solasteko eta horretaz gain, bezeroen aldetik ordutegien errespetoa eskatu nahi dute merkatarien kontziliazioa errazteko eta merkatari txikiak ere indarberritu nahi dituzte, zonaldeko kontsumoa indartuz loteria partizipazioen bitartez.
Honela aste honetan etxeetan eskuorriak banatuko dira eta abenduaren 13tik aitzinera, aldizkari bat banatuko da dendetan, ordutegiaren errespetoa eskatuz eta loteriaren partizipazioak emanez.
Aipatzekoa da kontziliazioa errazteko bertze ekimenak ere gauzatzen ari direla. Honela, joan den urtean Lesakan egin zen bezalaxe, aurten jubiloteka zerbitzua eskaintzen ari dira.