Eguraldi kaxkarrari aurre eginez 191 azienda buru aurkeztu dira azaroaren 25eko Lesakako feria egunean, 107 zaldi eta behor, 32 pottoka, 46 behi, batzuk bere aretzearekin, bi zezen eta bortz ahare.
Sariei dagokienez, behi aziendetan, suizetan Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen hiru lehen sariak, 190, 160 eta 100 eurokoak. Baina aurten, hobekien aurkeztutako behiari emandako txapela ez zen Berara joan, Lesakako Nabaz auzoko Makukobordara baizik. Haragitako behietan hiru sariak baserri honetako Asuncion Aiestaranentzat izan ziren, nahiz eta behiak berez, Beñat eta Joel Oronoz anaiek plazaratu. Frisona arrazako lehen saria, 190 eurokoa, Pilotegiko Manuel Maiak eraman zuen.
Beñat Oronoz gustora ageri zen sariekin, “baina beti arriskutsua da aziendak plazara ekartzea, min hartzen ahal dute eta”. Zazpi behi, bi aretze eta zezenaz gain, hamar zaldi eta behor eramanak zituen Oronozek eta ez zegoen konforme Udalak aurten jarri duen hamar buruko gehieneko kopuruarekin.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria eta hobekien aurkeztutakoari emandako txapela eta 95 euroko bigarren saria Iriberriko Francisco Muñoa Alfarorentzat izan ziren eta hirugarrena, Jose Antonio Larralderenak lortu zuen. Ahareetan, hiru lehenbiziko sariak Berako Miguel Angel Etxegarairentzat izan ziren.
Aziendez gain, hainbertze salmenta postu paratu ziren herriko karriketan. Donato Larretxea eta Oihan Larretxea aita-semeek berriki Euskadiko txapeldun izan den Joxe Mari Olasagasti eta Ander Erasunen kontra aizkora desafioa egin zuten eta Patxi Larretxeak erakustaldia eskaini zuen motozerra elektrikoarekin. Jexux Mari Irazu eta Xebaxtian Lizaso bertsolariak aritu ziren kantari. Presoen aldeko elkarretaratzea ere egin zuten senide eta lagunek,
Ajoarriero lehiaketan Bortzirietako Gorriak nagusi
Bezperako ajoarriero lehiaketa ikusgarria suertatu zen, 16 bikote aurkeztu baitziren, inoiz baino gehiago, horietatik zazpi Bortzirietako Gorriak peñakoak. Gainera hiru lehenbiziko sariak Osasunazaleen peñakoentzat izan ziren, lehenbizikoa Juan Ignacio Etxepare eta Maite Ortegarentzat, bigarrena Juan Luis Otxoteko Kalixa eta Agustin Zubietarentzat eta hirugarrena Xebita Susperregi eta Alicia Martinentzat. Epaimahaia Juan Fermin Mitxelena alkateak eta Txarli Aiala zinegotziak udaleko ordezkari gisara, Agustin Arriolak, Maria Jesus Errazkinek, Pepita Zubillagak eta Felisa Tabernak osatu zuten. Alhondiga inguruan bildu zen jendetzak, ajoarriero platera, ogiaz eta sagardoz edo ardoz lagunduta euro batean erosteko aukera zuen.