Azaroaren 25ean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, zenbait ekitaldi antolatu ditu Bortzirietako Jendarte Zerbitzuaren Mankomunitateak. Joan den larunbatean “Nagore” filma ikusgai izan zen Berako Kultur Etxean eta azaroaren 26an, ortziralean, Mauge Cañadas psikologoak “Harreman mota bortizkeriaren oinarri izan daitekenean” izeneko solasaldia eskainiko du, 18:00etan hasita Belandetan. Haur Txoko zerbitzua eskaintzeko asmoa ere badu Mankomunitateak eta horretarako interesatuek 948 635036 telefonora deitu behar dute.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela eta Mankomunitatetik igorri duten idatziak dioenez, “genero indarkeria ez da biolentzia era desberdinak gutxitzen edota erasotzailea zuritzen dituen eremu pribatura mugatzen den arazoa, genero indarkeria ez da emakumeak isiltasunean sufriaraztera zigortzen duen arazoa. Emakumeek jasaten duten erasoa, jarrera aktiboa eta konpromiso sozial eta pertsonala eskatzen duen emakume nahiz gizonezkoei dagokien gizarte arazoa da".