Lesaka eta Berako futbol zelaietan egindako lanak inauguratu dituzte

Aitor Arotzena 2010eko azaroaren 24a

Lesakako futbol-zelaiaren inaugurazio ekitaldia. Aitor Arotzena

Mastegin aldagela berriak egin dira eta Matzadan argiteria paratu

Bortzirietako futbol zelaietan egindako lanak inauguratu zituzten azaroaren 12an. Horretarako, Berako eta Lesakako udal ordezkariekin batera, Beti Gazte eta Gure Txokoako presidente eta zuzendari­tza batzordeetako kideak eta Nafarroako eta Gipuzkoako Futbol Federazioetako ordezkariak, Jose Luis Diez eta Juan Luis Larrea presidenteak izan ziren inaugurazio ekitaldietan.

 

Aldagelak Mastegin

Lesakako Mastegi futbol-zelaiko aldagela berrien inaugurazioa ekitaldi hunkigarria izan zen. Izan ere, Beti Gazte elkar­teko lehenbiziko bazkideak, 95 urte dituen Justo Urkijo Bizkarguenagak, egin zuen zintaren mozketa. Beti Gazteko arroparekin jantzitako Olaia Iantzik eta Justoren birbilobek, Manex Larraldek eta Narroa Villalvak, zintari eutsi bitartean. Zinta moztu eta aldagelak inauguratutzat eman ondotik, Nafarroako Futbol Federazioko Felix Gonzalezek oroigarri bat eman zion Justo Urkijo­ri, Federazioaren korbata, hain zu­zen. Salvador Iantzi Beti Gazteko presidenteak ere elkartearen intsig­nia eman zion eta eskerrak eman zizkien, bi federazioei, Udalari eta Nafa­rroako Kutxari.

 

Argiteria Matzadan

Erregionaleko Gure Txokoa eta Beti Gazte Bren arteko derbiaren atarian egin zen Matzadako argiteriaren inaugurazioa. Argi berriak irailetik erabiltzen ari dira Beran, Gure Txokoa elkarteak, Udalak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak sinatutako hi­tzarmen baten bidez. Gipuzkoako Futbol Federazioak osorik ordaindu ditu lanak, 90.000 euro inguruko inbertsioarekin, baina dirua kinielak sor­t­zen duen irabazietatik bideratu omen da proiek­tu honetara. Angel Ponbar Gure Txokoako presidente gustura ageri da argiteri berriarekin, entre­namenduetarako eta partida ofizialen ordutegirako aukera zabalagoa eskaintzen duelako.

Behin bi instalazio horiek lortuta, belar artifizia­lan inguruko asmo berrie­kin dabiltza bai Beti Gazte eta bai Gure Txokoa ere. Beran belar artifizialeko futbol-zelaia egiteko asmoa dute eta Lesakan, abudo 14 urte beteko dituen belar artifizialaren ordez, berria jar­tzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun