Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak bere 25. urteurrena ospatuko du abenduaren 5ean, udal pilotalekuan eginen den pilota jaialdi bereziarekin, omenaldiekin eta Koxkonta jatetxean eginen den bazkari batekin. Hain zuzen, bazkari honetarako txartelak 25 euroan salgai daude Atxaspi, Koxkilla, jubilatuen ostatuan, Izarra okindegian eta frontoian, eta heldu den astelehena, azaroaren 28a baino lehen erosi beharko dira.
Abenduaren 5eko egitarauari dagokienez, goizeko 11:00etan hasiko da pilotari gaztetxoen eskuz binakako pilota partida batekin. Lehenbiziko partida honen ondotik, omenaldia eskainiko zaie Arkupe elkartearen lehenbiziko zuzendaritza batzordea osatu zutenei. Hain zuzen, Benito Tainta izan zen lehenbiziko presidentea, Juan Telletxea presidente ordea, Modesto Maia idazkaria, Justo Agirretxe diruzaina, Juan Tomas Maia, Xalbador Etxepare, Luis Aranguren eta Martin Sarasola bokalak eta Juan Mari Etxeberria eta Kotte Etxepare bodegazainak.
Gero, pilotari helduxeagoen txanda izanen da. Berriki Munduko txapeldun suertatu den Mololo Irigoien eta Joxe Jabier Taberna profesional ohia, Iker Tainta eta Jexux Mari Almadozen kontra ariko dira. Pilota kontuekin bukatzeko, paleta gomako partida jokatuko dute Aitor Oiartzabal eta Justo Agirretxek, 52 urte dituen Jesus Mari Sanjurjo pilotari ohiaren eta berriki Munduko azpitxapeldun izan den Xabi Zozaiaren kontra. Hain zuzen, bai Mololo Irigoien baita Zozaiari ere, omenaldia eskainiko dio Arkupe elkarteak, duela lau urte egin zuen bezalaxe. Beraiekin batera, mende laurden honetan pilota irakasle izan diren Xalbador Etxeparek, Justo Agirretxek, Jesus Mari Sanjurjok, Iñaki Arretxeak eta Tomas Otxotekok ere hartuko dute elkartearen oroigarri bat. Gero, Koxkontan bazkaltzera joanen dira denak.
130 bazkide
Gaur egun 130 bat bazkide ditu Arkupe pilotazale elkarteak eta 45 mutiko aritzen dira pilota eskolan trebatzen. Hainbat txapelketetan parte hartzen dute pilotari hauek eta horretaz gain, Sanferminetako pilota jaialdia eta emakumezkoen paleta goma txapelketa ere antolatzen du Arkupek. Kotte Iantzi da elkarteko presidentea gaur egun, Maite Etxegia presidente ordea, Joaquin Bengoetxea idazkaria, Jose Luis Sunsundegi idazkaria, Koikili Fagoaga eta Jose Antonio Vargas bokalak eta Julian Landa eta Jose Ramon Telletxea bodegazainak.