Lesakako feriak ospatuko dira azaroaren 24 eta 25ean eta ortzeguneko egun handian, Bortzirietako aziendarik onenak sarituko dituzte.
Asteazkenean, Merkatu Eguna izanen da. Azkeneko urteetan bezala, Irain eskolako jantokian Azoka Ttikia izan dute 11:00etatik 13:00etara. 18:00etan trikitilariek kalejira eginen dute eta ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketari hasiera emanen zaio frontoian edo, joan den urtean bezala, eguraldiak lagunguko balu, Beheko Plaza inguruan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailao ekarri beharko ditu. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eraman beharko ditu. Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dutenek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagungarri, ardoa eta ogia banatuko da.
Ortzeguna egun handia
Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak Beheko Plazan. Azienda lehiaketan iazko sari beretsuak mantenduko dira. Behi-aziendei dagokienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suizak eta haragitakoak eta bakoitzean hiru sari banatuko dira eta hobekien aurkeztutakoak ere txapela jasoko du. Zaldi aziendentzat eta aharientzat ere hiru sari izanen dira, kopuru ttikiagokoak. Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira (Donato Larretxea,…) eta ondotik Sebastian Lizaso eta Jexux Mari Irazu bertsolariak, Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan. 12:30ak aldera, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeea ere eginen da.
Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela.
Bazkalondoan, arratsaldeko 17:30ean profesionalen arteko pilota partida ikusgarriak jokatuko dira. Partida nagusian, Olaizola anaiak nor baino nor izanen dira. Asierrek Otxandorena izanen du lagun gibeleko koadroetan eta Aimarrek Beloki. Lehenbiziko partidan, Mendizabal eta Eskudero, Olaetxea eta Oteizaren kontra ariko dira.
19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Laket taldearekin, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.