Mastegi futbol-zelaiko aldagela berrien inaugurazio ofizialean ekitaldi hunkigarria egin zen azaroaren 13an. Beti Gazte elkarteko lehenbiziko bazkideak, 95 urte dituen Justo Urkijo Bizkarguenagak, egin zuen zintaren mozketa. Olaia Iantzik eta Urkijoren bi birbilobek, Manex Larraldek eta Naroa Villalvak, zintari eutsi zioten. Zinta moztu eta aldagelak inauguratutzat eman ondotik, Nafarroako Futbol Federazioko Felix Gonzalezek oroigarri bat eman zion Justo Urkijori, Federazioaren korbata, hain zuzen. Salvador Iantzi Beti Gazteko presidenteak ere elkartearen intsignia eman zion eta eskerrak eman zizkien, bi federazioei, Udalari eta Nafarroako Kutxari. Izan ere, 133.000 euro inguruko inbertsioa egin da aldageletan. Espainiako Futbol Federazioak 60.000 jarri ditu, Udalak 50.000 eta Nafarroako Kutxak, 23.000, Zuk Aukeratu Zuk Erabaki programaren bidez.
Orain, Mastegiko belar artifiziala aldatzeko asmoa dago, 1997an jarri baitzen eta geroztik aunitz erabili da. Salvador Iantziren ustez, «belar honi ez zaio bi urte baino gehiago gelditzen, eta horregatik aprobetxatu dugu federazioetako agintarien bisita laguntza eskatzeko». Hauek dirulaguntza emateko prest azaldu dira, baina oraindik behin betiko aurrekonturik ez dagoenez, kopurua zehaztu gabe. Gaur eguneko belarraren gainean berria jartzea aztertzen ari da Beti Gazte, horrek %40 jausten baitu gastua, baina aldi berean, bertze zenbait lan egiteko ere aprobetxatu nahi da. Izan ere, zenbait tubo hondatuak daudenez, ureztatze sistema aldatu beharko litzateke eta alboetako porteriak ere aldatu nahi dira.