Bertsolaritza proiektua bere eskola-curriculumean sartuz, bertsolaritzaren aldeko apustua egin nahi du Labiaga ikastolak. Ikasleen artean bertsozaletasuna bultzatu nahi du eta horretarako Nafarroako Bertsozale Elkartearen eskutik, ikasturte osoan astean ordu batez Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleek bertsolaritza jorratuko dute Estitxu Arozena bertsolari lesakarrarekin. Bertsozale Elkarteak ekoiztutako materialarekin lan eginen dute bi helbururekin: alde batetik, zonaldean ikasleen eta gazteen artean bertsozaletasuna eta ahozko literaturarekiko zaletasuna bultzatzea; eta bertzetik, ikasleen irudimena eta berezkotasunaren garapenari laguntzea.