Marokok Aaiun setiatua du azaroaren 8az geroztik, eta ordutik egoera larrian daude Mendebaldeko Saharako hiriburuan. Nekane Perez NaBaiko parlamentari beratarra Aaiunera joatekoa zen hilaren 7tik 9ra, egoera salatzera, baina Marokoko poliziak Casablancako aireportuan geldiarazi eta berak eta berekin zihoazenek ezin izan zuten Aaiunera ailegatu.
«Irailean Saharako aktibista batzuekin egon ginen Argelen konferentzia batean, eta zer gertatzen ari zen ikustera joateko eskatu ziguten». Hala erabaki zuten Aaiunerako bidea hartzea, «egoera eta giza eskubideen urraketa salatzera». Lehenbizi, Nayem Elgarhi Marokoko poliziak hildako 14 urteko saharraren familiarekin egotea zen asmoa, eta biharamunean Aaiungo kanpalekura joatea.
Aireportura ailegatu orduko zenbait arazo izan zituzten, baina azkenean zigilua paratzea lortu zuten, eta «hegazkineratzeko txartela arazorik gabe hartu genuen». Aireportutik kanpo aktibista batzuekin bildu ondotik, garaiz itzuli ziren aireportura, eta hasierako polizia kontrolak erraz pasatu ondotik, hegazkineratzean hasi ziren benetako arazoak: «txartela bikoiztua genuela erran ziguten eta airepotuan bueltaka ibili gintuzten, non geunden jakin gabe. Azkenean, nazioarteko esparrura eraman gintuzten». Hasieran arazorik ez zela egonen erran omen zieten, nahiz eta gero, txartela eta pasaportea kendu: «handik inora ere ez ginela mugituko erran ziguten». Orduak aitzinera, medioetara deika hasi ziren: «presio mediatikoa izugarria izan zen, eta kontsulatua ere etorri zen. Gerora, pasaportea ere itzuli ziguten. Argi zegoen Marokoko Gobernuak sartzen utzi nahi ez bazigun, zerbaitegatik zela. Etxera etorri ginenean, jakin genuen zer gertatu zen». Alegia, Maroko Aaiun erasotzen hasi zela.
Nahi eta ezin, «inpotentzia haundiarekin» gelditu da Perez: «ahal dena egin genuen, baina berandu». Eta ezkor begiratzen dio etorkizunari: «Marokori bost axola zaio indarkeria erabili, eta bat, bi edo milaka lagun hil behar baditu ere». Espainia eta Frantziako gobernuek jarrera aldatzen ez badute, bere irudiko, egoera okertu eginen da: «35 urte ditu Saharar herriak erresistentzian eta gero eta okerrago ikusten dut egoera. Gerra bat da azken finean, eta gerra horretan Marokok ditu irabaztekoak, medioak badituelako». Horren harira, jendeari egoera salatzeko deia egin dio.