Lesakako udalbatzarrak babesa eman dio Tantirumairu ikastolari eta Cornelia Lecuona fundazioko Patronatoari, Otxogorrienea etxea guttienez 30 urterako uzteko akordioa lehenbailehen hartzea eskatu dio, baita inguruan dituen lur-eremuak ere, etorkizunean egin nahi dituen zabaltze lanetarako. Erabakia, zinegotzi guziek (PNVko 4, Onineko 4 eta EAko 2) ahobatez hartu zuten azaroaren 26ko batzarrean, pleno-aretoa betetzen zuten 200 bat lagunen aitzinean.
Tantirumairu kultur elkarteak eta patronatu horrek 1990eko azaroaren 26an sinatutako kontratuaren bidez Otxogorrienea etxea erabiltzen du ikastolak, Cornelia Lecuona zenak, ikastetxe modura erabil zedin erakutsitako borondatea betez. Kontratu hau 25 urterako denez, 2015ean bukatuko da eta ikastolarentzat nahitaezkoa da kontratua luzatzea, instalazioen handitze lanak egiteko. Hain zuzen, hauxe da Nafarroako Ikastolen Elkarteak jartzen duen baldintza 2015eko Nafarroa Oinez Lesakan antolatzeko.
Ikastolak zenbait berrikuntza lan egin baditu ere, ttikia gelditu da eta egungo hezkuntzak espazio eta gela berriak eskatzen dituela uste dute, hala nola jangela, informatika, psikomotrizitatea… Adibidez, 1990ean 7 ikaslek bakarrik erabiltzen zuten ikastolako jangela eta gaur egun 52 dira, ikasleen erdiak. Horregatik, ikastola eta futbol zelaiaren artean, frontoiaren segidan eraikitzeko aurreproiektua aurkeztua du ikastolak.
Ikastola eta Patronatuaren arteko harremanak ez aitzinera ez gibelera daude une honetan eta Tantirumairuk harreman horiei eta hitzarmena luzatzeari bultzada ematea eskatu dio Udalari, “afera lehenbailehen moldatzen ez vada, 2015eko Nafarroa Oinez ezin izanen baita Lesakan egin”. Arazo honek kezka sortua zuen ikastolako irakasle eta gurasoen artean, eta horren erakusgarri izan zen 200 bat lagun biltzea pleno-aretoan.
Otxogorrienea eta inguruko lurrak 30 urterako uztea Patronatuari eskatzeaz gain, udalak Patronatuarekin negoziatzera jartzeko eskatu zion Tantirumairu ikastolari, bi aldeendako ona den akordio batera ailegatzeko.