Azaroaren 22an, Musikarien Eguna ospatzen da eta Berako eta Lesakako Musika Eskolek kontzertu banarekin ospatuko dute astelehen arratsaldean.
Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolan, 18:00etan hasiko da emanaldia eta bigarren maila gainditu dutenei diplomak emateko ere aprobetxatuko da.
Ainhoa Larretxeak trikitixarekin eta Joseba Bertizek bateriarekin Kepa Junkeraren “Irlanda” kalejira joko dute, baita “Gaueko errondoa” polka herrikoia ere. Tartean, Ainhoa Larretxea berak Igor Telletxe panderoarekin lagun duela “San Antonioren abereak” Herrikoia joko dute; Sara Maritxalarrek bibolinarekin eta Marijo Bergarak pianoarekin Vivaldiren “Concierto en LA menor” joko dute; Abesbatzako taldeak, “Bautista Basterretxe” kantatuko du lehenik Mari Jose Bergara pianoan lagun dutela eta “Führeren “Hallo django” gero, Araitz Bizkai gitarran eta Igor Telletxea baterian lagun dutela; Irene Martinez pianojoleak Albinoniren “Adagio” joko du; Ibon Irastortza, Oier Larretxea eta Asier Oses txistulariek “Sei euskaldun doinu” herrikoiak joko dituzte eta txistu, saxo eta klarinete taldeek “Ai Simon” eta “Ikusi mendizaleak”.
Lesakako Musika Eskolak berriz, Udaletxeko batzar aretoan eskainiko du emanaldia 17:00etatik aitzinera.