Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan dira Lizuniagako Igoeran

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 11

Goiko argazkian gizonezkoen podiuma eta behekoan emakumezkoena. Jose Mari Telletxea

Gonzalo Sukuntza andoaindarrak irabazi du

Joan den urtean bigarren gelditu zen Gonzalo Sukuntza andoain­darra nagusitu zen urria­ren 23an Beran jokatutako XXX. Lizuniagako Igoeran. Eztegarako pilotalekutik Lizuniagako kaxkora bitarteko 4,9 kilometroak osatzeko 17 minutu eta 30 segundo behar izan zituen. Bigarren, Manttale taldeko Unai Santamaria hernaniarra izan zen (17:48) eta hirugarren iazko irabazlea, Antsoaingo Daniel Sanz (17:50). Denak ere, Abdelfatah Loujari marokoarrak 2008an egindako markatik (16:03) urruti gelditu ziren eta Gure Txokoa Elkarteak hurrengo urterako gorde zituen marka hori hobe­tzeagatik eskaini zituen 300 euroak.

Emakumezkoen artean, Maika Ariztegi iturendarrak ez zuen hu­tsik egin eta berriz ere ira­bazle izan zen, (22: 45). Aitziber Urkiolak (24:02) eta Marisol Martinezek osatu zuten podiuma. Beteranoetan, Angel Garate iruritarra nagusitu zen (18:37), Iñaki Bakedano (18:50) eta Ander Arrastio (19:06) gibelean utzita.

 

120 korrikalari

Markak marka, Lizuniagako Igoeraren konturik aipagarriena parte-hartzea izan zen. Guztira 120 korrikalari abiatu baitziren –iaz baino 29 lagun gehiago–. Horietako aunitz Gure Txokoa eta Man­ttale taldearen atletismo eskolakoak ziren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun