Nafarroako buruz buruko txapelaren atarian gelditu da Beñat Oronoz lesakarra

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 11

Beñat Oronoz jokoan. Artxiboko argazkia

Finalean Oberenako Ezkurdiak 18-9 irabazi dio Errekako pilotariari

Lan txukuna eginda, baina Nafarroako buruz burukoan txapelik lortu gabe gelditu da Beñat Oronoz Lesakako pilotaria. Izan ere, Joseba Ezkurdiak irabazi zuen urriaren 24an Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko pilota txapelketaren finala. Oberenakoak 18-9 irabazi zion Labriten Erreka taldeko Beñat Oronozi.

Lehenbiziko tantua Oronozek egin bazuen ere, abudo hasi zen nagusitzen Ezkurdia (4-1). Lesakarra 5-3ra hurbildu zen, baina 6-0eko partziala egin zuen Oberenakoak 11-3 jartzeko. Hortik aitzinera aldeari nahiko aisa eutsi zion faborito zen Ezkurdiak (11-4, 12-6, 14-7, 15-9 eta 18-9).

Bai Ezkurdiak, bai Oronozek, beraien sake gaiztoan oinarritu zuten jokoa: Oberenakoak sei tanto egin zituen hasierako jokaldiarekin eta Errekakoak lau. Biei ere urduritasuna nabarmendu zitzaien, baina batez ere tantu ikusga­rriak egin zituzten. Izan ere, joan den urtean jubenil mailako txapela irabazi ondotik, lehenbiziko urtea zuen kategorian Oronozek eta finala galdu arren, txapelketa bikaina egin du lesakarrak.

 

Iaz 18 urtez beheitikoetan

Oronozek jubenil mailan Nafarroako buruz buruko txapelketa irabazi zuen iaz, GRAVN txapelketan azpitxapeldun izan zen eta binaka ere zenbait txapel irabazi zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun