Etxean konposta egiten duten herritarrak sarituak izan dira aurten. Nafarroako Hondakinak tratatzeko Partzuergoak eta Iruñerriko Mankomunitateak Nafarroako etxeko konpost onenarendako lehen sariketa paratu zuten martxan maiatzean, eta Nafarroako 77 familiak eman zuten lehiaketan izena. Horietatik zazpi Bortzirietakoak izan ziren. Apuntatu ziren 77tik 13 ailegatu ziren finalera, eta tartean lesakar eta beratar bana. Berako Luis Mª Endara eta Arantxa Ubiria eta Lesakako Almudena Arzuaga izan dira Bortzirietako finalistak, eta saririk lortu ez badute ere, finalera ailegatzeagatik Cómo hacer un buen compost –Konpost ona nola egin– liburua jaso dute.
Urriaren 21ean Iruñean egin zen sari banaketa eta 600, 300 eta 150 euroko sariak eskuratu zituzten lehen hiruek.
Errauste plana
Nafarroan Nafarroan errauste planta egin nahi du Gobernuak eta horretarako, hondakinen kudeaketa plan bat atera nahi du aitzinera. Errausketaren metodoa arazoa konpontzeko izanen litzatekeela dio Gobernuak, baina hainbat alderdi eta talde kontra agertu dira. Urriaren 29an, adibidez, ezker abertzaleak agerraldia egin zuen Iruñean, tartean, Xabier Zabalo eta Patxiku Irisarri, Leitza eta Etxalarko alkateek. Aipatu plan hori gelditzea eta irtenbide egokiena bilatzeko eztabaida parte-hartzailea egiteko eskatu zuten.