Aurtengoa ere joan da eta balorazio positiboa egin du Ekaitza Elkarteak. 15. aldiz Baserritarren Eguna egin zen Santu Guzien Egunean. Eguraldi kaxkarrak ateraldi batzuk izan zituen eta herriko nahiz inguruko jende aunitz hurbildu zen urteroko merkatura. Guzira 25 postu jarri ziren frontoian: eskulan eta baratzeko produktu aunitz eta ederrak, gozokia, zerrikiak, frutak, opilak, tresnak, aziendak… Berrikuntza gisa, aurtengoan, Beratik Etxegaraitarren pottokekin umetxoek paseoak eman zituzten. Ahari Lehiaketarik ez zen egin, baina bertze aldi batez Gazta Lehiaketa egin zen. 13 gazta aurkeztu ziren eta Serorenbordako Margari Madariagak eraman zuen lehendabiziko saria; bigarren saria Albiz baserriak eta hirugarren tokian Aientsako Osildekobordako Mari Jose Lizardiren gazta gelditu zen. Aipatzekoa da, gainera, bertako produktuez osatutako zare haundia azken honek, Mari Josek, eraman zuela.