Jendetza bildu zen urriaren 24an, Gure Txokoa elkarteak hogeita laugarren urtez antolatutako Lurraren Egunean. Euriaren beldur, 80 eskulangileak eta 27 barazki eta fruitu ekoizleen lanak aterpean paratu zituzten, Altzateko frontoian eta Toki-Ona kiroldegian. Lurraren Egunaren barne jokatu zen XXIV. Gasna Lehiaketa ere, eta aurkeztutako 12 gasnen artean, Igantziko Txori-Tokiko Maria Justa Seinek irabazi zuen lehen saria. Bigarrena Alkebereko Isabel Bazterrikak eraman zuen eta hirugarrena, Arantzako Serorenbordako Margari Madariagak. XIII. Sagardo Lehiaketari dagokionez, laugarren urtez Lesakako Buenos Aires etxeko Jose Mari Elgorriagak irabazi zuen, 17 sagardoren artean. Bigarren saria Alkaiagako Soruara joan zen. Bezperan, IV. Barazkiopil Lehiaketa jokatu zen. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan ziren, 13 guzira, eta Jabier Irastortza Otsua eta Arantxa Agirrerena izan zen onena. Bigarren saria Antton Rodriguez Ttarratto eta Xanti Maiarentzat izan zen. Lurraren Egunean, bertzalde, Rosa Errandoneak Berako futbolari buruz prestatutako argazki erakusketak jendearen arreta piztu zuen.