Aurreikuspen guztiak gaindituta joan da Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen 20. urteurreneko ekitaldia. Bortz herrietako euskara batzordeek antolatuta urriaren 31n egin zen Beran.
Lehen erronka, Matzada futbol-zelaian 400 lagun biltzea eta mankomunitatearen irudia jendez osatzea zen, airetik hainbat argazkilarirekin irudia biltzeko. Erronka hori bete ez ezik, kasik bikoiztu ere egin zen, 750 lagun bildu baitziren Berako futbol zelaian. Honela, logoa osatu ez ezik, jendez osatutako marko eder bat ere egiteko adina lagun bildu zen, Berako dantzariek Zaindu maite duzun hori zioen pankarta eskuetan zuten bitartean –argazkian–. Parapentetik, tramankuku hegalari batetik eta garabian igotako argazkilariek argazkiak egin zituzten. Gero, kalejiran joan zen jendea Altzateko plazaraino.
Plazan jaialdi ederra izan zen, Joseba Olagarai eta Ilazki Serranoren gidaritzapean. Lesaka eta Berako Musika Bandek elkarrekin, euskal kantuen popurri ederra egin zuten; bi herrietako abesbatzak ere elkarrekin kantatu zuten; Beñardo Goietxe eta Joseba Irazokik ere elkarrekin kantatu zuten; Lesakako bertso eskolako neskatxek ere, Pirritx eta Porrotxen kantu bat abestu zuten taula gainetik, koreografia eta guzi.
«Euskara da gu egiten gaituena»
Pello Apezetxea Euskara Mankomunitateko sortzaileetako batek 20 urteotako lana goraipatu eta etorkizunerako erronkak aipatu zituen: «Gu Bortzirietako euskaltzaleak gara, eta euskararen alde gure esku dagoena bertzerik ezin dugu egin, baina euskararen alde gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude eta eginen dugu. (...) Euskara gure hizkuntza da, gu egiten gaituena, baina hiztunik gabe ez da hizkuntzarik. Euskarak galdu ditu azkarki eta galdu adina eta gehiago ditu irabazteko. Mankomunitateak euskarak bere bidea egin dezan gure eskualdeak daukan tresna da, tresnetako bat. Gure esku zegoen sortzea eta sortu genuen. Aurten ditu 20 urte, 20 urteko lana egina da, baina ez da dena egina, badatoz lan berriak, erronkak, asmoak, nahiak... hornitu dezagun tresna, babestu mankomunitatea, berreskuratu sintonia, bilatu adostasunak, indartu elkarlana. Horrela bakarrik izanen dira hurrengo 20 urteak emankor. 20 urte, ospatu dezagun, atera gaitezen plazara Bortzirietan euskarak dituen aldekotasunak agertzera, baikortasunez, gure konpromisoa erakutsiz, gure indarra eta gogoa batuz. Gu gu gara, eta bakarrik gure eskura dagoena egin dezakegu, baina gure esku dagoen guztia egin beharrean gaude nahitaez. Euskara gure buru eta ahoetan biziko da».
Herri bakoitzeko euskara batzordekideek ere hartu zuten hitza: Juanita Larralde (Arantza), Jaione Sein (Igantzi), Axun Maia (Etxalar), Zaine Rekondo (Lesaka) eta Bittori Telletxeak (Bera). Bukatzeko, Elgorriaga ahizpek trikitixa eta panderetarekin, Egoitz Telletxeak perkusioan eta musika bandek Oskorriren Adin bero kantuaren bertsioa egin zuten. Gero, bazkari jendetsua izan zen Altzateko frontoian eta 300 lagun baino gehiagok giro ederra paratu zuten. Arratsaldean haurrendako jokuok eta musika izan ziren, Mankomunitatearen besta ederra borobiltzeko.