Lesakako Zerbitzuen Elkarteak Udalaren laguntzaz antolatuta Udazkeneko Azoka egin zen azaroaren 7an, igande goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00etara frontoian. Euro bateko sarrerarekin, Lesakako Zerbitzuen Elkartearen logotipoa zuen giltzaria jaso zuten bezeroek. Denera, 700 bat lagun sartu ziren sarrera ordainduta eta Udaberrikoan baino jende guttixeago bildu arren, orokorrean gustura zeuden merkatariak.
Behin frontoiaren barrenean, Intzuri optika, Oreka dietetika eta nutrizioa, Kattagorria mertzeria-lentzeria, Oninart kamixetak, Bixkiak arropadenda, Panpina haur arropadenda, Barceló Bidaiak, Telletxea argazkigintza, Txinelka zapatadenda, Ortzadar arropadenda eta Antxordoki ahizpak ileapaindegiko produktuak eta eskaintzak izan ziren bezeroen eskura. Batzuk bertzeek baino gehixeago saldu zuten, baina egin zuen eguraldia kontuan hartuz, jendea etxetik mugitu zela ere baloratu zuten dendariek. Gainera, garaiak ere ez du erosketak egiteko sobera laguntze, feriak eta Eguberriak ere bertan direlako.
Mila euroko erosketa bonoa ferietan
Ez da hilabete honetarako Lesakako Zerbitzuen Elkarteak prestatu duen ekitaldi bakarra. Izan ere, azaroaren 25erako azienda feria egunerako ere zozketa antolatu dute lehen aldiz. Hain zuzen, arratsaldeko 19:00etan 1.000 euroko balioa duen saria zozketatuko du Zerbitzuen Elkarteak euren bazkide diren dendetan erosle izan direnen artean. Hortarako, feria aitzineko aste hauetan boletoak banatzen hasi dira bezeroen artean eta zozketan saridun suertatzen denak, nahitaez azaroaren 27an gastatu beharko ditu 1.000 euroak. Egun horretan, irabazleak aukeratuko du zein 5 dendetan eginen dituen erosketak, beti ere kontuan hartuz horietako bakoitzean 200 euroko topea izanen duela erosteko.
Eguberrietako kanpaina
Eguberrietako kanpainari dagokionez, sari bakarra eman beharrean (iaz Karibera bidaia bat zozketatu zuten), aurten denda bakoitzak sari bat emanen du berean erosle izan direnen artean: erosketak egiteko orga edo karro ttiki bat, denetan berdina, eta elkarteko logoa eramanen duena. Hortarako, erosketak egiterakoan boletoak banatuko dira eta, gero, eguberrietan edo errege eguna pasatuta, oraindik erabaki gabe dagoen egun batean, zozketak eginen dira. Gisa honetara, iazko moduan sari bat eman beharrean 29 sari emanen dira aurten, bazkide diren dendak haina sari.