Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 20 urte bete dituela eta, Mankomunitatearen Eguna antolatu zuten bortz herrietako euskara batzordeek urriaren 31n Beran.
Larunbat goizeko lehen erronka, Matzada futbol zelaian 400 lagun biltzea eta mankomunitatearen irudia jendez osatzea zen, airetik, hainbat argazkilarirekin irudia biltzeko. Erronka hori bete ez ezik, kasik bikoiztu ere egin zen, 750 lagun bildu baitziren Berako futbol zelaian. Honela, Bortzirietako Mankomunitatearen logotipoa osatu ez ezik, jendez osatutako marko eder bat ere egiteko haina pertsona bildu zen, Berako dantzariek “Zaindu maite duzun hori” zioen pankarta kontzen zuten bitartean. Parapentetik, tramankuku hegalari batetik eta garabian igotako argazkilariek argazkiak egin zituzten.
Gero, kalejiran joan zen jendea Altzateko plazaraino, Lesaka, Etxalar eta Berako dantzarien eta talde horietako trikitilari taldeen laguntzarekin.
Altzateko Plazan jaialdi ederra izan zen, Joseba Olagarai eta Ilazki Serrano aurkezleen gidaritzapean. Lesaka eta Berako Musika Bandek elkarrekin, euskal kantuen popurri ederra egin zuten, “Guk euskaraz”, “O Pello Pello” edo “Nire herriko neskatxa maite” abesti berean uztartuz, Mikel Iriarteren zuzendaritzapean. Gero bi herrietako abesbatzak ere elkarrekin kantatu zuten Baldorba, banden laguntzaz eta Josu Goiaren zuzendaritzapean. Beñardo Goietxe eta Joseba Irazokik elkarrekin kantatu zuten Xalbadorren “Herria eta hizkuntza” abestiaren bertsio zoragarria. Lesakako bertso eskolako neskatxek ere, Pirritx eta Porrotxen kantu bat abestu zuten taula gainetik, koreografia eta guzi.
«Euskara da gu egiten gaituena»
Pello Apezetxea, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko sortzailetako batek hartu zuen hitza, 20 urteotako lana goraipatuz eta etorkizunerako erronkak aipatuz: “Gu Bortzirietako euskaltzaleak gara, eta euskararen alde gure esku dagoena bertzerik ezin dugu egin, baina euskararen alde gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude eta eginen dugu. Euskara, euskara da, bertze hizkuntza bat. Bertze hizkuntza bat bertzerik ez? Euskara gure hizkuntza da, gu egiten gaituena, baina hiztunik gabe ez da hizkuntzarik. Euskarak galdu ditu azkarki eta galdu adina eta gehiago ditu irabazteko. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskarak bere bidea egin dezan gure eskualdeak daukan tresna da, tresnetako bat. Gure esku zegoen sortzea eta sortu genuen. Aurten ditu 20 urte, 20 urteko lana egina da, baina ez da dena egina, badatoz lan berriak, erronkak, asmoak, nahiak... hornitu dezagun tresna, babestu mankomunitatea, berreskuratu sintonia, bilatu adostasunak, indartu elkarlana. Horrela, eta horrela bakarrik izanen dira hurrengo 20 urteak emankor. 20 urte, ospatu dezagun, atera gaitezen plazara Bortzirietan euskarak dituen aldekotasunak agertzera, baikortasunez, gure konpromisoa erakutsiz, gure indarra eta gogoa batuz. Gu gu gara, eta bakarrik gure eskura dagoena egin dezakegu, baina gure esku dagoen guztia egin beharrean gaude nahitaez. Euskara gure buru eta ahoetan biziko da”.
Euskara batzordekideen txanda izan zen gero, eta herri bakoitzetik batek hartu zuen hitza: Arantzako Juanita Larraldek, Igantziko Jaione Seinek, Etxalarko Axun Maiak, Lesakako Zaine Rekondok eta Berako Bittori Telletxeak. Jaialdia bukatzeko, Elgorriaga ahizpek trikitixarekin, Egoitz Telletxeak perkusioan eta musika bandek Oskorriren “Adin bero” kantuaren bertsioa egin zuten. Gero, bazkari jendetsua izan zen Altzateko frontoian eta 300 lagun baino gehiagok giro ederra jarri zuten. Arratsaldean haurrendako jokuak eta musika izan ziren, urtebetetze festa ederra borobiltzeko.