Domisaindu Egunean ospatu zen Arantzako hamabosgarren Baserritarren Egunak jendetza handia bildu zuen. Ekaitza elkarteak antolatzen duen ekitaldian, baserri eta baratzeetako hainbat produktu plazaratu ziren, frontoian zeuden 23 erakustokietan: lukainkak, intxaurrak, eskulanak… Pelettiki haur eskolakoek ere, beraien egitasmoa aitzinera ateratzeko dirua bildu asmoz, katiluak, puzzleak eta margoak saltzen zituzten.
Zazpigarren gazta lehiaketara 13 gazta aurkeztu ziren eta horien artean, Serorenbordako Margari Madariaga suertatu zen irabazle, joan den urtean bezalaxe. Bigarren postua Albizekoentzat izan zen eta hirugarrena Aientsa auzoko Osinaldekobordako baserriko gaztarentzat. Horiekin batera, Tuanekoborda, Bordalarreako eta Eguzkialdeako Simonenborda, Morenborda, Mari Jose Lizardi, Esther Elizondo, Otsarra, Senberro, Martixenekoborda, Aientsa auzoko Gaxtelenekoborda eta Martinekobordatik eraman zituzten gaztak.
Ekaitza elkarteak etxeko produktuez osatutako zare eder baten zozketa ere egin zuen eta Mari Jose Lizardiri suertatu zitzaion.
Aurten ez da ahari lehiaketarik egin, baina halere, zenbait ardi eta ahari izan ziren plazan, Larraburukoborda, Ximonea, Martinekoborda eta Larrainekobordatik eramanak. Gainera, ponien gainean ibiltzeko aukera eskaintzen zen plazan neska-mutikoei.