Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, aurten bigarrenez, Larungo Mendi Bizikleta Igoera eginen da azaroaren 1ean, astelehenarekin. Joan den urtean bezala, 8,9 kilometroko ibilbidea egin beharko da eta banaz bertzeko malda %9,5ekoa izanen da; gehienekoa %29koa. Goizean 10:00etan abiatuko dira txirrindulazaleak Iamoteneatik, eta bi ordu azpitik ailegatu beharko dute helmugara. Federatua izatea ez da nahitaezkoa izanen.
Izen-ematea eta sariak
Izena egun berean eman daiteke, 08:30etik aitzinera Iamotenean –10 euro–. Lanak arintzeko, aitzinetik ere apunta daiteke, datuak guretxokoatxirrindularitza@hotmail.com helbidera bidalita.
Bortz sari banatuko dira: 200 euro lehenarentzat; 100 euro bigarrenarentzat; 75 euro hirugarrenarentzat; 50 euro laugarrenarentzat eta 25 euro bosgarrenarentzat. Gainera, 41 minutu eta 15 segundotan iaz Patxi Vila irabazleak ezarritako errekorra hobetzen duenak Errotazar harategiko lote bat hartuko du.