«Igerian ongi egiteaz gain, teknikak ere garrantzia du waterpoloan»

Aitor Arotzena 2010eko urriaren 28a

Unai Rodriguez gustura ari da waterpoloan Irunen. Aurten, lehen mailan ariko da. Aitor Arotzena

Hogei urteko beratarra da Unai Rodriguez Korta. Zazpi urte zituenetik 16-17 urtera arte igeriketan ibilia da. Urtebeteko atsedenaldiaren ondotik, waterpoloan hasteko animatu zuten. Probatu eta gustatu. Hasiera batean, taldeko gazteena izaki, gogor xamarra egin zitzaion arren «ederki hartu ninduten eta talde giro on horrek lagunduta gaur arte hortxe gabiltza». Irungo Oiasso 1766 bere taldeak lehen mailara igotzea lortu zuen azken denboraldian eta aurten Bidasoa XXI izenarekin ureratuko dira.

UR AZPIKO JOKOA
«Presioa haundia da, gainean defendatzen da eta posizioa lortzeko saiakeran agertzen da ur azpiko joko hori. Kirolaren parte den lehia hori urrunago joaten denean agertzen da joko zikina».

EGUNERO BI ORDU
«Entrenatzaile berriaren fitxaketarekin gauza dexente aldatu da. Egunero bi orduko entrenamenduak egiten gabiltza orain».

Waterpoloa ez da kirol ezaguna gure inguruan. Gutti izanen dira, telebistatik ez bada, partida bat ikusi dutenak.  Baina ikusi ez ezik, waterpoloan jokatu eta gozatu egiten du Unai Rodriguez beratarrak Irungo taldean. Kanpotik begiratuta, igeriketa eta eskubaloiaren arteko nahasketa bat dirudi kirol honek. «Gure kasuan gehienak gara igerilari ohiak –dio Unaik– Honek oinarria ematen dizu, erritmoa jartzeko aukera zenbait momentutan. Baina teknikak garrantzia izugarria du, posizioak, trantsizioak ongi egitea… Jaurtiketarena ere teknikaren parte da, futbolean bezala hemen ere badaude berezkoa duten jaurtitzaile onak». Waterpoloan aritzeko beharrezkoak diren ezaugarriez galdetu diogunean,  «gogoa eta konpromisoa» erantzun digu. «Azken finean gustokoa dugulako eta talde giro ona dugulako aritzen gara. Hortik aitzinerat egia erran bakoitzak ahal duena egiten du…». Kirol honetan ur azpiko joko zikin aunitz izaten dela ere aditzen da. «Azkenean jokoaren parte da, ez?  –onartu du Berako kirolariak– Ezaugarri nagusienetakoa erranen nuke nik. Presioa haundia izaten da, gainean defendatzen da normalean eta posizioa lortzeko saiakeran agertzen da ur azpiko joko hori. Bertzalde, kirolaren parte den lehia hori urrunago joaten denean agertzen da joko zikina, batzuetan hartzea tokatzen den bezala bertze batzuetan eman behar izaten da».

Lehen maila mantentzea helburu
Denboraldi bikaina egin ondotik, lehen mailara igotzea lortu du Irungo Oiasso 1766 taldeak. «Urte batzuz muga hortan ibili ondotik ilusioa ematen du salto horrek. Entrenatzaile profesional baten fitxaketak aunitz ikasteko aukera ematen dizu», dio Rodriguezek. Maila gogorra izanen dela kontuan hartuta, mantentzea izanen da helburu bakarra. «Otsailerarte talde guztiak ligila gisako bat jolastuko dugu, hortik aitzinerat sei taldek igoera fasea jokatuko dute eta bertze seiak jeitsiera jokatuko dugu. Honek denbora emanen digu erritmoa hartzeko, eta otsailetik aitzinera maila mantentzen saiatzeko, horrek izan behar baitu, dudarik gabe, gure helburua».
Igoera honek izen aldaketa ez ezik (Bidasoa XXI dira orain), bertze zenbait ere ekarri ditu taldean. «Entrenatzaile berriaren fitxaketarekin aurten gauza dexente aldatu da. Irailaren 1ean hasi genuen aurredenboraldia eta egunero bi orduko entrenamenduak  egiten gabiltza. Egia da, orain arte gure kabuz moldatu garen arren, hemendik aitzinerat aukera paregabea izanen dugula gauza berriak ikasten joateko. Partiduei dagokienez desplazamendu haundiena Santoñara izanen dela dirudi, igandetan tokatzen ez den bitartean kontent!».
Lehenengo mailan ariko den taldeaz gain, bigarren mailan ariko den filial bat ere izanen dute aurtengoan eta hori begi onez ikusten du Berako gazteak: «Bigarren mailan aritzeak minutuak jokatzeko aukera emanen du, oraindik zein taldetan jokatuko dudan ez dakidan arren minutuak edukitzeko aukera hau ez da batere txarra. Lehen taldeko gazteena izanik, filialean jokatu behar izanez gero ez dut inolako arazorik edukiko, ez da bereziki arduratzen nauen gauza bat. Beharra dagoen momenturako prest egonen gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun