Ez dira garairik hoberenak euskararentzat. Jakina da Gobernuak murrizketa haundiak egin dituela bere laguntzetan eta euskara da, dudarik gabe, arlorik kaltetuena. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ere diru murrizketa jasan du eta horrek ezinezkoa egin du bertze urteetan laguntzen zituen hainbat esparrutara ailegatzea. Tartean Kultur Egunak dirurik gabe gelditu dira, Mankomunitatearen aurrekontu murrizketagatik. Hala ere, Etxalarko Udalak bezalaxe, Arantzakoak ere gainerako Udalen aldean euskarari ekarpen haundiagoa egitea erabaki du. Horri esker, Euskara Batzordeak Kultur Egunak antolatu ahal izan ditu.
Egitaraua
Ekaitza Elkarteak jadanik urteak daramazki azaroaren 1ean, Santu Guzien Egunean, Baserritarren Eguna antolatzen. Gonbidapena herriko etxe guziei egiten zaie azoka bilakatzen den frontoian parte hartzeko eta bertako produktuak, gozokiak, tresnak, eskulanak, animaliak... era guzietakoak eramateko. Frontoi barrenean erakusketarako edo salmentarako postuak paratzen dira, Elkarteak berak ere ostatua paratzen du, pintxoa eta tragoxka eskainiz. Musika doinuez alaituriko goiza izaten da. Bertakoek egiten duten lan izugarria argi eta garbi gelditzen da.
Azaroaren 5ean, ortziralean eta Zahar Txokon, Berdabio-Elama-Amusene izeneko solasaldia eskainiko du Patziku Perurena idazleak. Goizuetan bada gizon bat kanta abiapuntutzat hartuta, Arantzako historiari, jendeari eta parajeei buruz hitzaldia emanen du Perurenak. Kantaren jatorria eta bertan kontatzen diren gertaerak ikertzen lan ederra egin du. Hortaz, hizpide nagusiak inguruko kontuak izanen dira. Eta herritar zenbaitzuk ere parte hartu dute. Beraz, adin guzietako herritarrentzako moduko mintzaldia izanen da. Egun berean, eta Ekaitza Elkartean, Miren Amuriza eta Alaia Martinekin bertso afaria izanen da.
Azaroaren 6an, biharamunean, Pello Añorga ipuin kontalariaren eskutik haurrentzako ipuinak izanen dira eskolan. Arratsaldez, 16:30ean, birziklapen tailerra eta berendua izanen dira eskolan. Ordu bat beranduago, 17:30ean, garai bateko antzerkien emanaldia izanen da Elkartean. Eta geroxeago eta leku berean, 19:30ean, hain zuzen, opil tailerra eginen da. Afalondoan, bikote besta eta Trikihots taldearen emankizuna izanen dira.