Emozioak lantzeko proiektua paratu nahi dute martxan eskolan

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 28a

Gaiari buruz bilera eginen da azaroaren 2an

Emozioak landuz, proiektu berritzailea landu nahi dute ikasturte honetan eskolan. Zehazki, emozioak ezagutu eta menperatu; errespetua eta tolerantzia bulkatu; kontzentrazioa eta erlaxazioa landu eta arazoen aitzinean egoki jokatu; frustrazioarekiko tolerantzia maila igo; lanarekiko motibazioa eta ahalegina haunditu eta enpatia garatzea dira helburuak.
Emozio Hezkuntza Eskolan izenarekin, iaz irakasleek egindako ikastaroa da orain ikasleekin martxan paratu nahi dena. Horretarako proiektua prestatu eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailean aurkeztu zuten. 1.500 euroko dirulaguntza hartu zen horretarako, baina proiektuaren aurrekontua 12.000 eurokoa izanda, ikusteko dago oraindik aitzinera eramanen den ala ez.
Proiektu honekin hainbat ekintza egin nahi dira: yoga klaseak eskola orduetan, sormen margoketa, multikirola, emozio hezkuntza lantzeko saioak... Guraso Eskola ere abian paratu nahi da, gurasoak emozio munduan gehiago inplikatzeko.
Ekimen honen inguruko informazio gehiago emateko azaroaren 2an, 16:15ean hitzaldia eginen da eskolan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun