Torturaren kontrako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute

Aitor Arotzena 2010eko urriaren 28a

Senideak, azken urteetan atxilotutakoak eta udal hautetsiak, mobilizazioen aurkezpenean. Aitor Arotzena

Ortzegunean ordubeteko paroa herrian eta larunbatean manifestazio nazionala Donostian eginen dira

Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketan parte hartu zuten 10 guardia zibil epaitzen ari dira aste honetan Donostian. Bi lesakarrak egun bakarrean, 28an, izanen dira Donostian eta orduan kontzentrazioa eginen da epaitegiaren atarian eta herrian ordubeteko paroa 12:00etatik 13:00etara. Larunbatean Donostian manifestazio nazionala antolatu da. Horren berri eman zuten urriaren 20an Herriko Etxean bi lesakarren senide eta lagunek eta azken urteetan atxilotuak izan diren pertsonek. Beraiekin batera, Berako eta Etxalarko alkatea eta  atxiloketak gertatu zirenean herriko alkate zen Koldo Erkizia EAko zinegotzia izan ziren.
 Zaine Rekondok 2008ko urtarrilaren 6an Arrasaten gertatutako atxiloketa gogoratu zuen, eta «biharamonerako Igor Portu Donostiako Ospitalera eraman zuten egoera larrian, kolpeak, hiru saihets puskatuak, birika zulatuak… zituela». Mediku txostenaren arabera, «nabarmenak dira torturatua izanaren zantzuak». Sarasolak eta Portuk tortura salaketak jarri zituzten eta Donostiako epaitegiak ikerketa zabaldu zuen. Baina tortura kasu hauek ez direla isolatuak ere aipatu zuten, «azken 30 urteotan 7.000 herritar baino gehiago izan gara espainiar komisaldegietan torturatuak, estatuaren babespean eta inpunitate osoz».
Koldo Erkiziak aipatu zuenez, Udalak epaiketan akusazio partikular gisara aurkezteko saiakera egin zuen, nahiz eta azkenean epaileak ez zuen onartu. Inkomunikazio neurriekin «behin betikoz bukatzea eskatzen dugu berriz ere, atxilotuen eskubideak bermatuak izateko modu bakarra baita».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun