Bi familiako etxebizitza eraikitzeko lur eremua salgai paratu du Udalak

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 28a

Udalarena den Ilekuetako UU16 unitateko lur-eremua salgai egon da berriki arte. 797,13 metro koadro dituen eta 415,38 metro koadroko eraikigarritasuna duen partzela horretan, bi familiako etxebizitza bat egiteko aukera eskaini da. Kokapen eta ezaugarriak tarteko, eremu horrek Udalarentzat interes berezirik ez duela ikusi zen, eta salduta aterako litzatekeen diruarekin Udalarentzat egokiagoa den bertze proiekturen bat egin nahi da. Horien artean interesgarrienetakoa zahar etxearen ondoko lurrak erostea da. Udal Planean eremu berde izendatua dagoen horretan, zati haundi bat Udalarena da eta bertze zatia erosiz, eremu berde zabal bat egiteko aukera dago zahar etxea eta Iturlandeta auzoen artean. Erreka bazterretik ibilbide bat ere egiteko aukera mahai-gainean dago. Partzela enkante publikoan atera zen eta astelehen honetan bukatzekoa zen eskaintzak aurkezteko epea. Unitate honetan urbanizazio proiektua dagoeneko onartua dago nahiz eta oraindik ez diren lanak hasi. Lanak ez badira epe batean hasten Udalak bere gisa egiteko aukera aztertuko luke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun