Larungo bigarren Mendi Bizikleta Igoera eginen da azaroaren 1ean

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 28a

8,9 kilometroko ibilbidea egin beharko da

Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, aurten bigarrenez, Larungo Mendi Bizikleta Igoera eginen da azaroaren 1ean, astelehenarekin. Joan den urtean bezala, 8,9 kilometroko ibilbidea egin beharko da eta bataz bertzeko malda %9,5ekoa izanen da; gehienekoa %29koa. Goizean 10:00etan abiatuko dira txirrindulazaleak Iamoteneatik, eta bi ordu azpitik ailegatu beharko dute helmugara. Federatua izatea ez da nahitaezkoa izanen.

Izen-ematea eta sariak

Izena egun berean eman daiteke, 08:30etik aitzinera Iamotenean –10 euro–. Lanak arintzeko, aitzinetik ere apunta daiteke, datuak guretxokoatxirrindularitza@hotmail.com-era bidalita.
Bortz sari banatuko dira: 200 euro lehenarentzat; 100 euro bigarrenarentzat; 75 euro hirugarrenarentzat; 50 euro laugarrenarentzat eta 25 euro bosgarrenarentzat. Gainera, 41 minutu eta 15 segundoko iazko errekorra hobetzen duenak Errotazar harategiko lote bat hartuko du.

Gure txokoaren bloga
Bazkideei elkarteko berriak zabaltzeko Interneterako saltoa egin du Gure Txokoa Elkarteak (guretxokoaelkartea.blogspot.com). Horrez gain, futboleko kamisetak salgai jarri dituzte. Haurrenak 35 eta helduenak 45 euro balio dute eta ekipazio osoa nahi bada, haurrek 10 euro gehiago eta helduek 15 gehiago ordaindu behar dute. E-mailez edo ortzegunetan 19:30ean Iamoteneara agertuz lor daitezke.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun