Lesakako komentuan Kultur Etxea egokitzeko 3,6 milioi euroko laguntza emanen du Espainiako Gobernuak

Aitor Arotzena 2010eko urriaren 27a

Madriletik jasoko den dirutzak egitasmoaren %60 estaliko du. Artxiboko argazkia

PNVko talde parlamentarioak aurrekontu orokorrei egindako emendakinetan ageri da diru-saila

Lesakako karmeliten komentua moldatu eta Kultur Etxea egokitzeko 3,6 milioi euroko diru-saila bideratuko du Espainiako Gobernuak, Kongresuko PNVko talde parlamentarioak aurrekontu orokorrei egindako emendakina onartu ondotik. Hain zuzen, egoera ekonomikoaren ondorioz, Herriko Etxean proiektua kasik baztertua zegoenean (aurtengo udal aurrekontuan ez zen sartua) ailegatu da diru hori, 5.933.850 euroko aurrekontu osoaren %60a estaliko duena.

Juan Fermin Mitxelena alkatea kontent agertu da ustegabeko dirutza horrekin eta “proiektua 2011ko udal aurrekontuetan sartuko dugu berriz ere” aipatu du. Lanaren zati bat, teilatuaren moldaketa, egina dagoela ere adierazi du alkateak “eta orain harremanean jarriko gara Nafarroako Gobernuarekin, ea 2007rako eskaini zigun milioi bat euro hurbileko dirulaguntza mantentzen duen. Horrekin, kasik %100 Kultur Etxea eginen genuke, eta hori behar dugu, dagoeneko nahiko diru gastatua baitugu proiektu honetan”.

Egitasmoaren arabera, komentuan erakusketa gela eta eszenatokia eginen lirateke eta ondoko nabe berri batean liburutegia eginen litzateke. “UPN ingurutik kexu dira –aipatu du Mitxelenak– baina hamar urte daramazkigu Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen eta ez dute eman. Orain, bertze bide batetik lortu dugu, Madrileko Gobernuarekin egindako negoziazioen bidez”.

Lan egoera nola dagoen ikusita, 2011n bertan proiektua adjudikatu eta 2012rako Kultur Etxea egina ikusi nahi luke Mitxelenak: “Herriarentzat ilusionatea dela iruditzen zait”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun