LAB sindikatuak ere, Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zuten guardia zibilen epaiketaren harira Stop Tortura zioen pankartaren gibelean elkarretaratzea egin du urriaren 26an, astearte eguerdian Lesakako plazan. “Torturarik ez”, “Demokrazia Euskal Herriarentzat”, “Hemen torturatzen da” edo “Errepresiorik ez” oihukatu dute plazan bildu diren 50 bat lagunek. Eskualdeko LABeko ordezkariekin eta bertze herritarrekin batera, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere Lesakan izan da.
Etxaidek salatu duenez, “tortura Espainiako estatuan sistematikoki erabiltzen da arrazoi eta helburu politikoekin. Portu eta Sarasolaren salaketekin batera, azken atxilotuek egindako salaketak ere erakusten dute sistematikoki erabiltzen dela, horretarako borondatea daukatelako”.
Etxaideren ustez, “bere burua demokratikotzat duten gobernu guziek tortura erabiltzeko erabakia hartu dute, helburu politikoekin” eta torturak duen inpunitatea salatu du. Bi gauza eskatu ditu, Etxaidek: “Epaileei inpunitate horrekin bukatu dezatela eta torturaren erabilera politikoarekin bukatuko bada, herri oso batek horren kontra egiten duelako izango da”. Alde horretatik, larunbatean Donostian eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.