Porrotx pailazoak emanaldia eskainiko du Berako Altzateko frontoian, urriaren 27an, asteazken arratsaldeko 18:00etan. Emanaldi hau Bortzirietako Euskara Batzordeek urriaren 31rako antolatu duten Mankomunitatearen Egunaren barrenean kokatzen da. Porrotx pailazoak bat egin du Mankomunitatearen Egunarekin, eta “Zaindu maite duzun hori” lelopean ordubeteko emanaldia eskainiko du. Sarrera doan izanen da.
Emanaldiaren ondotik ikusle guztientzako txokolatada izanen da. Bertan izanen da azken aukera Mankomunitatearen Eguneko bazkari txartelak erosteko. Gogorarazi behar da urriaren 31rako bazkari txartelak salgai daudela, herri guztietan, ohiko tokietan, hain zuzen ere urriaren 27ra arte. Helduentzako txartelak 15 euro balio du, eta haurrenak (12 urte artekoentzat) 6 euro.
Egitarau zabala
Ospakizun eguna izanen da igandean, urriak 31, Beran eginen dena, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen 20. urteurrena ospatuko baita, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako Euskara Batzordeek antolatuta.
11:00etan Mankomunitatearen logo erraldoia osatuko da Matzada futbol-zelaian. 400 lagun behar dira horretarako eta herritarrei parte hartzeko deia egin zaie.
12:30ean martxa jendetsua eginen da Matzadatik Altzateraino. 13:00etan Mankomunitatearen 20. urteurreneko ekitaldia eginen da Altzaten. Bortzirietako trikitilariek, dantzariek, txistulariek, kantariek, bertsolariek, bandek, abesbatzek... parte hartuko dute.
14:30ean bazkaria eginen da Altzateko frontoian.
16:00etan haurrentzako tailerrak, zozketak, Xutik taldearen musika doinuak, Piano bat bertsotan kantu saioa... izanen dira.