Urriaren 24an Lesakan ospatu zen Nafarroako Mendi Taldeen zortzigarren Egunak 600 bat mendizale bildu zituen. Horietatik erditsuak, Beti Gazte elkarteak prestatutako 16 kilometroko mendi itzulia egin zuten eta bertzeak, Nafarroako Kirol Jolasen barrenean egindako ateraldian parte hartu zuten gaztetxoak izan ziren, 35 monitorerekin batera. Euriaren beldur zira eta euritakoekin jantzita abiatu ziren mendizaleak, baina goizean eguraldi txukuna izan zuten ibiltzeko.
Nafarroako 18 mendi taldek parte hartu zuen egun berezi honetan, lanerako 50 boluntario mugiarazi zituen Beti Gazterekin batera: Alaitz, Ameskoazarra, Arrano Beltza, Atarrabia, Boscos, Lagunak, Natacion, CD Navarra, Oberena, Paz Ziganda, Rutas Navarra, Sakanako Mendi taldea, San Adrian, Zangoza, Amaia eta Sunbillako Ulibeltzak elkartea. Eskolako ikasleen ibilaldian, berriz, Mendillorri, Paz Ziganda, Mendigorria, Ilunberri eta Zangozako neska-mutilak hurbildu ziren.
Nagusiak, kiroldegitik abiatuta Agiña aldera joan ziren, Nabaz eta Meaka aldetik barna. Agiñan, Aita Donostiari eskainitako monumentuaren ondoan gosaria prestatua zuten antolatzaileek eta gustura hartu zuten mendizaleek, berriz ere ibiltzeari ekin eta Goiko Iraga, Zala auzoa eta Olazarko presan barna Lesakara bueltatzeko, lau orduko ibilbidearen ondotik. Gero, frontoian bazkaria izan zuten, egunari bukaera borobila emateko eta Modesto akordeolariarekin dantzaldia izan zuten.