Jendetza izugarria bildu zen urriaren 24an Beran, Gure Txokoa elkarteak hogeita laugarren urtez antolatutako Lurraren Egunean parte hartzera. Euriaren beldur, 80 eskulangileak eta 27 barazki eta fruitu ekoizleen lanak aterpean paratu zituzten, Altzateko frontoian eta Toki-Ona kiroldegian. Goizean eutsi zion eguraldiak, baina eguerditik aitzinera egin zuen euriak antolatzaileek erabaki ona hartu zutela nabarmen utzi zuen.
Goizetik, hainbat barazki eta fruitu eder ikusteaz gain, eskulangileen lanak ikusteko eta erosteko aukera izan zen, trikitilariek, txistulariek eta musika bandak musika jartzen zuten bitartean.
Gasna eta sagardo lehiaketak
Bien bitartean, Ricardo baroja eskolaren barrenean, XXIV. Gasna Lehiaketara eta XIII. Sagardo Lehiaketara aurkeztutakoak dastatzen ari ziren epaileak. Gasna lehiaketara aurkeztutako 12 gasnen artean, Igantziko Txori-Tokiko Maria Justa Seinek irabazi zuen lehen saria, 220 euro. Bigarren saria , 100 euro, Berako Alkebereko Isabel Bazterrikak eraman zuen eta hirugarrena, 75 euro, joan den urtean irabazle izan zen Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak eraman zuen.
XIII. Sagardo lehiaketari dagokionez, laugarren urtez segidan Lesakako Buenos Aires etxeko Jose Mari Elgorriagak irabazi zuen 200 euroko lehen saria, 17 sagardoren artean. Bigarren saria Alkaiagako Soruara joan zen.
Barazkiopil lehiaketa larunbatean
Igandeko lehiaketez gain, larunbatean IV. Barazkiopil lehiaketa jokatu zen. Inoiz baino partehartzaile gehiago izan ziren, 13 guzira eta horien artean, Javier Irastortza “Otsua” eta Arantxa Agirrek aurkeztutakoa izan zen onena eta 100 euro, garaikurra eta ardo kaxa eraman zuten saritzat. Bigarren saria Antton Rodriguez “Ttarratto” eta Xanti Maiarentzat izan zen.
Lehiaketez gain, izan zen zer ikusi, zer ikasi eta zer dastatu igandean Beran. Errate baterako, ikastolan, Rosa Errandoneak Berako futbolari buruz prestatutako argazki erakusketa izan zen ikusgai eta ikusle aunitzen arreta piztu zuen. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak urriaren 31rako antolatu duen Mankomunitatearen Egunaren berri eman zuten. Lurraren Eguneko lan taldeak 600 talo prestatu zituen goizean eta gaztainak ere erre zituzten arratsaldean.
Arratsalde euritsuaren eraginez, frontoian egin ziren arratsaldeko ekitaldiak: Zirika Zirkus taldearen emanaldia, gasna eta sagardo lehiaketetako sari banaketa, irabazle suertatu ziren gasna erdien enkantea, Gure Txokoako dantzarien emanaldia eta Trikidantza taldearekin dantzaldia.