Joan den urtean bigarren izan zen Gonzalo Sukuntza andoaindarra nagusitu zen urriaren 23an Beran jokatutako XXX. Lizuniagako Igoeran. Eztegarako pilotalekutik Lizuniagako kaxkora bitarteko 4,9 kilometroak osatzeko 17 minutu eta 30 segundu behar izan zituen. Bigarren, Manttale taldeko Unai Santamaria hernaniarra izan zen (17:48) eta hirugarren iazko irabazlea, Antsoaingo Daniel Sanz (17:50). Denak ere, Abdelfatah Loujari marokoarrak 2008an markatik (16:03) urrun gelditu ziren eta Gure Txokoa elkarteak hurrengo urterako gorde zituen marka hori hobetzeagatik eskaintzen zituen 300 euroak.
Emakumezkoen artean, Maika Ariztegi iturendarrak ez zuen hutsik egin eta berriz ere irabazle suertatu zen, 22 minutu eta 45 segunduko denborarekin. Aitziber Urkiolak 24 minutu eta 2 segundu behar izan zituen eta Marisol Martinezek osatu zuen podiuma. Beteranoetan, Angel Garate iruritarra nagusitu zen (18:37), Iñaki Bakedano (18:50) eta Ander Arrastio (19:06) gibelean utzita.
120 korrikalari
Markak marka, larunbateko Lizuniagako Igoeraren konturik aipagarriena partehartzea izan zen. Denera 120 korrikalari abiatu baitziren Lizuniagako maldetan goiti, aunitz Gure Txokoa eta Manttale taldearen atletismo eskolakoak. Patxi Iratzoki eta Iñaki Pikabearen bitartez, 25 bat emakume biltzen dira asteazkenero entrenamenduetan eta horretaz gain, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleei zuzendutako eskola ere badute.
SAILKAPENAK
Senior gizonezkoak
1. Gonzalo Sukuntza, 17:30
2. Unai Santamaria, 17:48
3. Daniel Sanz, 17:50
Senior emakumezkoak
1. Maika Ariztegi, 22:45
2. Aitziber Urkiola, 24:02
3. Marisol Martinez
Beterano gizonezkoak
1. Angel Garate, 18:37
2. Iñaki Bakedano, 18:50
3. Ander Arrastio, 19:06