Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketan parte hartu zuten 10 guardia zibil epaituko dituzte urriko azken astean Donostian. Horietako lau torturengatik epaituko dituzte (birentzat 3 urteko eta bertze bientzat 2 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak) eta bertze seiak lesioengatik. Bi lesakarrak egun bakarrean, 28an, izanen dira Donostian eta herrian zenbait mobilizazio eta Donostian manifestazio nazionala antolatu dira heldu den aste horreterako. Horren berri eman zuten urriaren 20an Lesakako Herriko Etxean bi lesakarren senide eta lagunek eta azken urteetan guardia zibilak eta polizia nazionalak atxilotutako herritarrak. Beraiekin batera, Josu Iratzoki eta Patxiku Irisarri, Berako eta Etxalarko alkatea eta Koldo Erkizia, Lesakako EAko zinegotzia izan ziren.
"Torturatua izanaren zantzu nabarmenak"
Zaine Rekondo lesakarrak 2008ko urtarrilaren 6an Arrasaten gertatutako atxiloketa gogoratu zuen, eta “biharamonerako Igor Portu Donostiako Ospitalera eraman zuten egoera larrian, kolpeak, hiru saihets puskatuak, birika zulatuak… zituela”. Mediku txostenaren arabera, “nabarmenak dira torturatua izanaren zantzuak”. Mattin Sarasola eta Igor Portuk tortura salaketak jarri zituzten eta “gertaeretan gorabeherak zeudelakoan” Donostiako epaitegiak ikerketa zabaldu zuen. Urriaren 25etik 29ra Donostiako epaitegian eginen da guardia zibilen kontrako epaiketa. Orduan eta geroztik ere, tortura desagertu behar dela adierazi du Bortzirietako gizarteak, “2008ko urtarrilaren 9ko kontzentrazio erraldoiak eta ondoko egun batean egin zen manifestazioan” erakutsi zuenez.
Baina tortura kasu hauek ez direla bakanak eta isolatuak ere aipatu zuen Rodriguezek, “azken 30 urteotan 7.000 herritar baino gehiago izan gara espainiar komisaldegietan torturatuak, estatuaren babespean urte gehiegiz inpunitate osoz torturatu izan gaituzte. Inpunitatearekin eta torturarekin bukatu beharra dagoela adierazi nahi dugu”. Alde horretatik, kalera ateratzeko deia egin zuen.
Koldo Erkizia: "Inkomunikazioarekin behin betikoz bukatu behar da"
Koldo Erkizia, EAko hautetsiak eta atxiloketak gertatu zirenean Lesakako alkate zenak aipatu duenez, “Bortzirietako udalek ere hainbat pausu eman zituzten tortuta bukatzeko bidean”. Lesakako udalak akusazio partikular gisara aurkezteko saiakera egin zuen orduan, nahiz eta azkenean epaileak ez zuen onartu”. Inkomunikazio neurriekin “behin betikoz bukatzea eskatzen dugu berriz ere, atxilotuen eskubideak bermatuak izateko modu bakarra baita”, Erkiziaren erranetan.
Mobilizazioak
Zehazki Lesakan, kontzentrazioa eta batzarra deitua dago hilaren 25ean, 20:00etan. Hilaren 28an, Portuk eta Sarasolak deklaratuko duten egunean 12:00etatik 13:00etara paroa deitu da herrian eta kontzentrazioa eginen da Donostiko epateigiaren atarian. Eta 30ean, manifestazio nazionala eginen da, 17:30ean Antiguatik abiatuta.