Bortzirietako Gizarte Ongizate Mankomunitateak, Inti Kausay etorkinen elkarteak eta Berako Udalaren etorkinen batzordeak antolatutako zazpigarren Mugarik Gabe arrakastatsua suertatu zen irilaren 16an. Urtero bezala, gaur egun Bortzirietan bizi diren kultur ezberdinen arteko topaketa egitea eta herritarrek errealitate horrekin sentsibilizatzea zen helburua eta aski ongi bete zela erraten ahal da.
Aurten, Bolivia izan zen herrialde gonbidatua eta arratsaldean Ricardo Barojako frontoian egindako jaialdian protagonismo berezia hartu zuen Hego Amerikako herrialde horrek. Lehenik, Inyi Kausay elkarteak egun honetarako prestatu duen manifestua irakurri zen. Segidan, aitzineko asteburuan jokatutako futbito txapelketako sariak banatu ziren. Aurtengoan, Mugarik Gabe taldea suertatu da txapeldun, finalean penaltietan Los Cañeros taldeari irabazita. Ondotik, Afolbo (Asociación Folclórica Boliviana) dantza taldearen txanda izan zen. La Morenada, El Tinku eta La Chacarera dantzak eskaini zituzten beraien jantzi ikusgarriekin, Nancy Tapia elkarteko presidenta eta Virginia Mérida presidente ordea buru zituztela.
Ordurako, herrialde ezberdinetako ordezkariak sukaldean lanean hasiak ziren. Boliviako sukaldean, Marcela Ferrupino, Edwin Martínez eta Claudia Suárez oilasko enpanadak, anticuchoak (haragi eta patata brotxetak) eta sonsoa yucarekin prestatzen ari ziren; Ekuadorko sukaldean, motea fritadarekin eta chaulapán (arroza ganba, zerri-haragia, tortilla eta oilaskoarekin) prestatzen zuten. Argentinarrek, Sandra Lompré buru zutela, haragi erre famatua eta panquequea esne dultzearekin prestatzen zuten. Euskaldunen barran, taloak prestatzen zituzten bitartean, Barbaro Solo kubatarrak arrakasta handia izan zuen mojitoa egin zuen. Prestatutako guzia dastatuz, dantzaldi batekin borobildu zen Mugarik Gabe eguna.
Aipatzekoa da egun osoan, goiz-arratsaldez, “Munduko emakumeak” argazki erakusketa ederra ikusgai izan zela Labiaga ikastolan. Enrique Pimoulerrek egindako argazki bilduma bat da, nazio mailan saritua dena eta jendeak gustura ikusi zuena.