Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen mankomunitateak, Etorkinen Batzordeak eta Inti Kausay Etorkin elkarteak, zazpigarren Mugarik Gabe besta antolatu du urriaren 16rako Beran. Horren berri eman dute prentsaurrean Berako Herriko Etxean, Nazara Arregi Gizarte Zerbitzuetako teknikariak, Isidora Agirre Berako udal zinegotziak eta Inti Kausay elkarteko Araminda Garcia, Claudia Suarez eta Lucho Blancok. Nazara Arregik aipatu duenez, “iaz Ekuador gogoan izan genuen bezala, aurten Bolivia azpimarratu nahi izan dugu, Bortzirietan gaur egun bizi diren kultur ezberdinen arteko topaketa egiteko helburuarekin eta herritarrak errealitate horrekin sentsibilizatu asmoz”.
Isidora Agirre zinegotziak aipatu duenez, “urtero, Berako Inti Kausay elkartea eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek elkar lan bat eramaten dute festa hau antolatu ahal izateko. 2004. urtean hasi zen eta geroztik urtero antolatu da. Lehenengo hiru urteetan Beran egin zen, baina azken hiru urteetan Mankomunitatearen eskutik deia Bortzirietako biztanle guziei egiten zaie”.
Etorkinen batzordea osatu zutenek, 2004ean etorri berri ziren etorkinekin harreman gune bat sortu nahi izan zuten. Honela, batzorde bat osatu zen ekimen batzuk antolatu ahal izateko. Lehenengo topaketa 2004ko ekainean egin zen eta “oso hunkigarria izan zen, hurbilpen garrantzitsu bat izan baitzen bertakoen eta etorkinen artean” Agirreren erranetan. Geroztik urtero antolatzen da eta hedatzen joan da, “azken urte hauetan Bortzirietan antolatzen baitugu eta geroz eta eragile gehiagoren parte hartzea eta laguntza jasotzen da”. Etorkin Batzordea udaleko ordezkariek eta herritarrek osatzen dutela gogorarazi zuen Berako zinegotziak. “Parte hartzen duten bolondresak, batzuk jatorriz bertakoak dira eta beste batzuk etorkinak. Urtero ilusio berarekin, bakoitzak bere ezaugarri eta gaitasunekin ekarpen bat egiten du festa hau gauzatu ahal izateko. Parte hartzaile berriak ere hurbiltzen zaizkigu beraien proposamenak edo interesa erakutsiz. Harrera ona duen ekitaldi bat da orokorrean, eta urtero berriz errepikatzeko gogoarekin ikusten da jendea”.
Etorkinen harrera bulegoa lanean
Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean etorkinen harrera bulegoaren bitartez, etorkinei harrera egiteko eta integratzeko programa duela urte batzuk martxan jarri zela aipatu du Nazara Arregik. Mugarik Gabe Topaketaz gain, gai eta ekintza ezberdinak bultzatzen dira programa honetan. Aurtengoari dagokionez, “haur eta gazte txokoa antolatuko da; ipuin eta margo lehiaketari ikutu berri bat emateko Munduko Berriak izeneko egunkari-lehiaketa eginen da, Berako Kultur Batzordearekin batera; erdara ikastaroa eta gizarteratzeko prozesuaren jarraipena eta orientazioa eginen da eta emakumeen baliabideei dagokienez, ikastaro bat eginen da eta emakume-taldea osatzeko asmoarekin segitzen dugu; lan arloan lanpostua eta integrazioa bilatzeko ibilbidea eginen da eta alokairuan dauden etxebizitzen poltsa eginen da”.
Araminda Garciak, Inti Kausay elkarteak Mugarik Gabe Egunerako prestatu duen manifestua irakurri du.
Egun osoko egitaraua
Urriaren 16ko VII Mugarik Gabe Egunerako antolatu den egitarauaren berri eman du Claudia Suarez boliviarrak. 11:00etan haurrentzako Munduko jokoak izanen dira Rikardo Barojako frontoian eta trentza afrikarrak eginen dira. Egun osoan, Munduko emakumeei buruzko erakusketa ikusgai izanen da Labiaga ikastolan. Hain zuzen, Enrique Pimoulerrek egindako argazki bilduma bat da, nazio mailan saritua dena. 17:00etatik aitzinera, Inti Kausayren manifestua irakurri ondotik, bertsolariak ariko dira. Segidan, asteburu honetan jokatu den futbito txapelketako sariak banatuko dira. 17:45ean Boliviako Afolbo dantza taldearen emanaldia eta gero, ohiko janari dastaketa izanen da, Bolivia, Uruguai, Argentina, Ekuador eta Bulgariako janari eta edariak ere eskainiko dira. Eguna borobiltzeko, 19:00etan dantzaldia izanen da.