Nafarroako Mendi Taldeen VIII. Eguna herrian ospatuko da urriaren 24an

Aitor Arotzena 2010eko urriaren 13a

Goizean 15,3 kilometroko ibilbidea osatuko dute eta frontoian bazkaria izanen da

Nafarroako Mendi Taldeen zortzigarren Eguna Lesakan ospatuko da urriaren 24an. Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak eta Beti Gazte elkarteak, Udalaren laguntzaz antolatuta, 09:00etan ibilaldia abiatuko da kiroldegitik. Hain zuzen, 15,3 kilometroko ibilbide zirkularra eginen da, Nabaz eta Auzoberri aldetik Agiñara igoz eta Zala ingurutik, Goiko Iraga eta Olatzarko presa igaroz herrira bueltatuz. Ondotik, mendi taldeetako kideak frontoian bilduko dira, bazkari autogestionatua egiteko. Era berean, laugarren argazki lehiaketa ere eginen da egun horretan. Horretan parte hartu nahi duenak mendiko lizentzia izan beharko du eta lanak urriaren 29a baino lehen aurkeztu beharko ditu info@mendinavarra.com helbidean. Erabakia azaroaren 8an hartuko du Zuzendaritza Batzordeak. Lehen hiru sarituek heldu den urteko lizentzia doan izanen dute eta irabazleak, gainera, FNDME txartelean argitaratua ikusiko du argazkia.
Gogoratu behar da, bertzalde, Beti Gazte elkarteak antolatutako argazki lehiaketarako lanak aurkezteko epea ere urriaren 30ean akautuko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun