Dena prest dago urriaren 24an eginen den Lurraren Egunerako

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 13a

Bezperan, bertzeak bertze, Kirola Beran argazki erakusketa eskainiko da

Mende laurdena betetzeko bidean, aurten XXIV. aldiz eginen da Lurraren Eguna. Gure Txokoa Elkarteak prest du dagoeneko egitaraua, Kultur Batzordearen laguntzarekin osatua. Urriaren 24an eginen da eta goizean 10:00etatik aitzinera Altzaten eskulangileen azoka eta barazki erakusketa izanen da. 11:00etan, berriz, Bortzirietako Gazta eta Sagardo Lehiaketari emanen zaio hasiera. Bera Trikitixa taldeak ere bere emanaldia eskainiko du eta eguerdian Musika Eskolakoak eta Banda kalejiran ibiliko dira.
Aipatu, barazkiak, gaztak eta sagardo botilak Ricardo Baroja Eskolara eraman beharko direla 09:30erako.
Arratsaldean,  16:00etan Zirikaren eskutik Zirkaos ikuskizuna izanen da haurrentzat Altzateko Plazan. Bitartean, Zahar-Etxean eskulanen eraskusketa eta trikitixa doinuak nagusituko dira. 17:00etan sari banaketa eta enkantea eginen dira eta Julen Zelaieta eta Manolo Arozenaren eskutik bertso saioa ere izanen da. 18:00etan Gure Txokoako dantzariek ikuskizuna eskainiko dute eta ondotik, Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen da.
Horrez gain, egun guztiak, trikitilariak, taloak, dastaketak eta abar izanen dira.
Euria egiten badu ekitaldiak Altzateko frontoian eta Toki Ona kiroldegian eginen dira.

Bezperan gehiago
Egun haundia igandea izanagatik, Lurraren Egunaren atarian ekitaldi batzuk ohiko bihurtu dira. Hala, urriaren 23an, 15:30etik aitzinera Lizuniagako Igoera eginen da. 18:30ean, Kirola Beran argazki erakusketa izanen da ikusgai Labiaga Ikastolan. Eta beranduago, 19:00etan, barazkiopil lehiaketa eginen da. Trikitilariak ardurako dira bazterrak alaitzeaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun