Emakumeentzako entrenamenduak eta gazteentzat atletismo eskola paratuko dituzte abian Beran

TTIPI TTAPA 2010eko irailaren 29a

Azken bi urteotan Manttale Ttikik egindako lana, emakume eta gaztetxoei zabaldu nahi zaie. Artxiboko argazkia

Interesatuentzat bilera eginen da larunbatean Iamotenean

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak eta Gure Txokoak eskualdeko emakumeen eta gazteen artean atletismoaren praktika sustatzeko bi ekimen jarriko dituzte martxan urrian. Alde batetik, emakumeak lasterka egitera bultzatzeko, entrenamenduz osaturiko ikastaro bat eginen da. Erresis­tentzia aerobikoa, luzaketak, esfor­tzuaren kudeaketa eta egoera fisikoaren hobekuntza landuko dira. Entrenamenduak asteazkenetan izanen dira 19:30­etik aurrera, eta 30 euro balioko du hiru­hilabeteko bakoitzak. Ikastaro horretan parte hartu nahi duten emaku­meentzat bilera eginen da larunbat honetan, urriak­ 2, Iamotenean 11:30ean.

Bertzalde, 1995 eta 1998. urteen artean jaio­tako Bigarren Hezkun­tzako gaztetxoentzat atle­tismo eskola estreinatuko dute Manttalek eta Gure Txokoak. Asteazken arratsaldetan 17:00etatik 18:30era izanen dira saioak Berako kiroldegian, eta urte osoko kuota 50 eurokoa izanen da. Eskola horretan interesatuta dauden gurasoentzat bilera ere larunbat honetan eginen da, 11:00etan Iamotenean.

Gazteen eskola edota emakumeen entrenamenduetan interesatuak daudenek telefono zenbaki honetara dei dezakete: 656 577704 (Patxi eta Cristina).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun