Lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean etxebizitzak egiteko hirigintza plan berezia egiteko prozesuak aitzinera segitzen du. Patxi Chocarro eta Maria Urmeneta arkitektuek planaren zirriborroa egin ondotik, herritarren iritzia bildu nahi izan zuen Udalak eta nahiz eta balio legalik ez izan, jendaurrean paratu zuen zirriborroa. Abuztuaren 31n bukatu zen iritzia emateko epea eta 28 iradokizun aurkeztu ziren.
Iñaki Goienetxe alkateak TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «iradokizun gehienetan, euren lurretan ere etxebizitzak egiteko eskubidea emateko eskatu dute». Iradokizun horiek guztiak arkitektuei bidaliko zaizkie, eta horrekin eta Udalak erabakitzen duenarekin eginen da plan ofiziala. Behin plan ofiziala ateratzen denean, jendeak orduan izanen du alegazioak aurkezteko aukera.
Etxea egiteko Baimenik gabe
Etxebizitzak egiteko hainbat eskaera ukatu izan dira azken aldian herrian, eta horri aterabidea emateko hasi zen Udala plan berezi hau garatzen. Herrigunean 50 etxetik goiti egiteko aukera egon arren, «arrazoi batengatik edo bertzeengatik jendeak ez zuen etxerik egiten herrigunean eta herrigunetik kanpo hasi zen», dio alkateak.
Herrigunean baimena ematea Udalaren eskumena da, baina herrigunetik kanpokoa Nafarroako Gobernuak hartzen du bere gain. «lehen 1.500 metro koadroko lur eremua izatea nahikoa zen, orain bi urte baimenak ukatzen hasi zen arte». Goienetxek erran digunez, «etxea egiteko asmoarekin baimenik gabe gelditu da jendea, lurra erosia, proiektua egina...». Eta plan horrekin irtenbidea nahi dute, «herriko gazteak guttienez, izan dezala bertan gelditzeko aukera», gaineratu du.
Zirriborroan jendeari aurkeztu zaionaren arabera, 200 etxebizitza egiteko modua egonen litzateke plan berri honekin, baina alkateak garbi utzi nahi izan du hori «gehiegizkoa» dela eta «denen artean ikusiko dugu noraino ailegatzen garen».
Gaia «korapilatsua» dela badaki Goienetxek, baina legealdia bukatu aitzinetik plana onartzea gustatuko litzaioke.